2024an ERRAN.EUSen gehien leitutako albisteak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 4a, 08:00

Urtea zaharrari adio erran orduko, joan den urtean ERRAN.EUSen argitaratutako berriei, elkarrizketei, erreportajeei, iritzi artikulu eta gainerakoei begira jarri da TTIPI-TTAPA. Gehien leitutako 25 artikuluen zerrenda bildu du albiste barrenean.

1- Berako 22 urteko mutil bat hila Lizarieta inguruan quadarekin izandako istripu baten ondorioz

Joan den urteko abuztuan gertatu zen ezbeharra. 22 urteko beratar gazte bat hil zen abuztuaren 11n Etxalarren, quadarekin Lizarietako Benta inguruan izandako istripu baten ondorioz.

2- Dolu perinatala hizpide

«Dolua lantzen ez baduzu bizi osoan arrastaka eramanen duzu». Dolu perinatalari buruz aritu ziren uztailean Irati Irigoras zegamarra eta Imanol Etxeberria arizkundarra TTIPI-TTAPArekin. «Tabuak eta lotsak» alde batera utzita, gaia ikusgarri egitearen alde mintzatu ziren.

3- Benito Lertxundiren Aranoko kontzertua…

Abenduaren 28a Inozente eguna izaten da Hego Euskal Herrian, eta egun horretan umoreari keinu egin zion TTIPI-TTAPAk, Benito Lertxundik bere azken kontzertua Aranoko plazan eginen zuela iragarriz, noiz eta, otsailaren 29an. Aranora bisita egin bidenabar, Benito Lertxundiren kontzertuaz gozatzeko plan bikaina izanen litzateke, baina, oraingoz, Orioko kantariak ez du halakorik iragarri.

4- Lozy’seko langileek 112 egun pasatu zituzten greban

Otsailaren 20an hasi zuten Lekarozko Lozy's Pharmaceuticals enpresako langileek lanuztea, baldintza propioak lortzeko, «estatuko kimiketako hitzarmen txarretik abiatuta». 112 greba egunen eta hainbat mobilizazioren ondotik, ekainean utzi zuten greba alde batera, KPItik goitiko igoerak eta lanaldia 24 orduz murriztea lortuta.

5- Construcciones Mariezcurrena enpresaren 45. urteurrena

Eguraldia lagun, jendetza bildu zen irailaren 14an Donezteben Construcciones Mariezcurrena enpresaren 45 urteak ospatzeko. Egun osoko egitaraua izan zuten eta orduko argazkien bilduma argitaratu zuen TTIPI-TTAPAk.

6- [GUTUNA]: Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe berria eta gure duintasuna

2024an zer errana eman eta haserrea eragin duen gaietako bat izan da Oronozko Lanbide Heziketako ikastetxe berriarena. Idatzi honetan, Mikel Iriarte Antxorena Elizondoko Lanbide Eskolako irakasle eta zuzendari ohia kritiko mintzatu zen Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eta Maria Txibite Nafarroako presidenteak Lanbide Heziketako eskualde mailako ikastetxe berriaren proiektuari ez diotelako bulkadarik ematen.

7- Beintzako Ostatua-Aterpetxea ixteko arriskuan dagoela erranez ohartarazpena

Idoia Etxeberria eta Mikel Albisu Beintzako Aterpeko ostalariek agerraldia egin zuten martxoaren 15ean Donezteben, hainbat eragilerekin batera. Beintza-Labaiengo Udalaren jarrera salatu eta Beintzako ostatu-aterpetxea ixteko arriskuan zegoela jakinarazi zuten.

8- Izaskun Zubizarretaren heriotza

Emagina ofizioz eta mendizale amorratua afizioz, goi mailako eskiatzailea, lasterkaria eta txirrindularia izan zen Izaskun Zubizarreta Gerendiain oiartzuarra. Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan bereziki bere lanbideak egin zuen ezagun, 20 urtez eskualdeko emakume gehienei lagundu baitzien haien haurdunaldietan. Abuztuan hil zen, minbiziaren ondorioz.

9- [GUTUNA]: Elizondoko Osasun Etxeko langileak egoerarekin kezkatuak

Eskualdeko mediku eskasiak profesionalen artean sortutako kezka eta ardura dela eta, ondoko idatzia argitaratu zuen Xabi Zarandonak, Elizondoko Osasun Etxearen izenean. Baztango osasun zerbitzuaren egoera larria agerian utzi zuen.

10- Zelena enpresak Azkua proiektuan aurreikusi dituen hamabi eolikoen kokapenak

Zelena Renovable enpresak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan aurkeztutako hasierako txostenari begira jarri eta, 161 orrialdeko dokumentutik hainbat xehetasun bildu zituen albiste honetan TTIPI-TTAPAk. Azkua proiektuarekin, Madrilgo enpresak hamabi eoliko paratzeko asmoa zuen, zehazki, Arantzako, Etxalarko, Igantziko eta Sunbillako lurretan. Gauza bera egin zuen Irakurri proiektuarekin. Kasu horretan, Irakurri proiektuko hamaika eolikoak Eratsungo eta Ezkurrako lurretan paratzeko asmoa iragarri zuen Zelena enpresak.

11- Lesakako Echeveste Hermanos zerrategiko langileak greban

Hitzarmen duina eta soldata eguneratzeko eskatuz, Lesakako Echeveste Hnos. zerrategiko langileak mobilizazioak hasi zituzten joan den ekainean. Bi orduko lanuzteekin hasi ziren, ondotik lau ordukoak eta azkenik erabateko geldialdia egitera pasatu ziren.

12- Behi hilaren hondakin toxikoekin 6 putre pozoitu izana leporatu zioten baztandar bati

Foruzaingoak eginbide penalak ireki zizkion Baztango baserritar bati, fauna babestuaren kontrako delitu baten ustezko egilea zelakoan. Ikerketa martxoan hasi zuten, guardek behi gorpuen ondoan hildako sei putre aurkitu ondotik. Irailean zabaldu zen berria.

13- Elizondoko Benito Menniko hiru eraikinetako bat hetsi nahi dutela salatu zuen ELA sindikatuak

ELAk azaroan zabaldu zuen berria, enpresak ospitale zentroko ohatze kopurua 133tik 121era murrizteko asmoa zuela erranez, eta murrizketaren ondorioz, plantillako 15 langile baino gehiago kanporatuko lituzketela iragarriz. Horrez gain, zuzendaritza langileen hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari dela salatu zuen Enpresa Batzordeak eta ELAk deituta hainbat mobilizazio egin zituzten.

14- Osasun arreta duinaren aldeko aldarria Elizondon

Baztango Osasun Plataformak deituta manifestazioa egin zuten irailaren 29an Elizondon eta 1.500 bat lagun bildu ziren. Baztanen, Urdazubin eta Zugarramurdin kalitatezko osasun sistema publikoa, euskaldun eta duina eskatu zuten.

15- Iñaki Gogortza Billabonaren heriotza

Berako eta inguruko herri mugimenduetan aurpegi ezaguna eta historikoa izan zen Iñaki Gogortza Billabona, bere ingurukoen hitzetan «nekaezina». Maiatzaren 31n zendu zen, 71 urterekin.

16- Emakumeen kontrako erasoengatik bi atxilotu Lesakan eta Baztanen

Ekaineko azken asteburuan bi gizonezko atxilotu zituzten eskualdean, biak emakumeei eraso egiteagatik. Horietako bat Lesakan. Kasu horretan bikotekide ohiak egin zuen erasoa. Bertze atxiloketa Baztanen gertatu zen eta emakumeari eta alabari eraso egiten saiatzeagatik atxilotu zuten gizonezkoa.

17- Autoarekin mendiko pista batetik amilduta lau lagun erreskatatuak

Nafarroako suhiltzaileek jakinarazi zutenez, mendiko pista batetik, malda beheiti ibilgailu bat amildu zen 100 bat metro inguru eta lau pertsona erreskatatu behar izan zituzten. Martxoan gertatu zen.

18- Baztan-Bidasoaldeko nekazariak eta abeltzainak ere errepidean protestan

Bertze hainbat bazterretan bezala, Baztan-Bidasoaldeko nekazari eta abeltzain batzuk ere errepidera atera ziren joan den urtean. Otsailekoa da notizia. Traktoreak hartuta, Oronoz-Mugairi eta Sunbilla arteko N-121-A errepidean bildu ziren, baita NA-1210ean ere. 30-40 abeltzainek eta nekazarik bat egin zuten mobilizazioarekin eta trafikoa moteldu zuten. Sei puntuko aldarrikapen zerrenda paratu zuten mahai gainean. Horren ondotik, mobilizazio gehiago ere egin zituzten.

19- Maitane Maritorena kolaboratzailearen «Aski da! 'Basta ya'!»

«Egun on, buenos dias. Zer moduz? ¿Que tal? Harrituta? Extrañado? Zergatik? ¿Por que? Horrelaxe eskribitzen dira «euskal» eskualde gisa izendatutako eremu honetan idazki gehienak, gurasoendako jakinarazpenak, oharrak… km zero-km cero, kultura-cultura, musika-música, kontzertua-concierto... Noiz artio? ¿Hasta cuándo?». Halaxe aritu zen Maitane Maritorena Azkarate Anizko berriemaile eta kolaboratzailea urtarrileko zutabean. Bisita aunitz izan zituen.

20- 2000. urteko Nafarroako Haur Kantari Txapelketa

Artxiboko irudiek ere arrakasta polita izaten dute ERRAN.EUSen. Horren seinale da bideo hau. Arantzako, Berako, Goizuetako, Aranoko eta Malerrekako hainbat neska-mutil aritu ziren Bordatxon 2000. urteko Nafarroako Haur Kantari Txapelketan.

 

21- Emakume bat erasotzeagatik, gizon bat atxilotua Lesakako sanferminetan

Sanferminen inguruan gizonezko bat baino gehiago atxilotu zituzten Lesakan. Uztailaren 9an gizonezko bat atxilotu zuten emakume bati karrikan eraso egitegatik. Udalak, txosna batzordeak eta mugimendu feministak gogor salatu zuten erasoa, eta  elkarretaratzea egin zuten herriko plazan. Sanferminen aitzinetik ere karrikara atera ziren Lesakan izandako bertze eraso bat salatzeko. Orduko hartan gizonezko bat atxilotu zuten bikotekide ohiari eraso egiteagatik. Biktima osasun etxera eraman behar izan zuten.

22- Inauterietako igandeko txikizioak salatu zituen Donamariako Udalak

Inauterietako igandean «herrian sortutako txikizio eta errespetu faltak» salatuz oharra atera zuen Donamariako Udalak. «Inauterien esentzia atzendu duten lau gaztek eginak» zirela azpimarratu zuen, «bertze gazte guztien izena zikinduz». Honen aitzinean «planto egin» eta mugak jartzeko beharraz aritu zen udala. Batzarra ere egin zuten.

23- Narbarteko sexu erasoa salatzeko elkarretaratze jendetsua

Abuztuaren 22tik 23rako gauean Narbarten izandako eraso matxistaren harira bere gaitzespen osoa agertu zuen Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feministak eta salaketa publiko egiteko elkarretaratzea egin zuten abuztuaren 26an Narbarteko plazan. Jendetza bildu zen. Narbarteko sexu erasoarekin zerikusia duen hautetsiaren berehalako dimisioa eskatu zuen Bertizaranako Udalak.

24- Legasako sarreran egin nahi duten «kamioiendako makrogasolindegiarekin kezka eta haserrea» Bertizaranan

Bertizaranako herritarrek ez zuten begi onez ikusi Legasako sarreran egin nahi duten kamioiendako gasolindegia. Legasako kasuan, kontzejuak deituta, uztailean bilera egin zuten, eta hala eman zieten herritarrei proiektuaren berri. Horrek «kezka, urduritasuna, haserrea eta inpotentzia» sortu zituen herrian, eta «eskualde guziari eraginen dion proiektua» dela iritzita, mugitzen hasi ziren.

25- Eskualdeko bost lasterkari Zegama Aizkorri mendi maratoian

Hodei Lujanbiok (Goizueta), Gorka Urtasunek (Irurita), Iker Gonzalezek (Igantzi), Omar Ugartemendiak (Leitza) eta Iban Etxartek (Irurita) parte hartu zuten maiatzaren 26an egindako Zegama Aizkorri mendi maratoian. Maiatzaren 24an jokatutako kilometro bertikalean, berriz, Narbarteko Jokin Arretxea eta Leitzako Eneko Andueza izan ziren eskualdeko ordezkariak. Lehenbiziko aldia batzuentzat eta lehendik egindako markak hobetzeko saiakera bertzeentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun