Hamaika eoliko paratu nahi ditu Irakurri aldean, denak Eratsungo eta Ezkurrako lurretan. Hala ere, aipatutako txosten horretan ageri denez, makroproiektua garatzeko beste toki batzuk ere mahai gainean izan dituzte, eta toki horretan hiru alternatiba izan dituzte aztergai. Azkenean, hauxe da aukeratu dutena.
Hamaika eolikoak Irakurri mendiaren iparraldean, ekialdean eta mendebaldean kokatu nahi dituzte, denak Doneztebetik Leitzara doan errepidean, eskuin aldera geldituko lirateke. Horietako bost Idoia menditik Irakurri aldera eta handik iparraldera paratu nahi dituzte, eta beste seiak Irakurritik ekialdera, Utsabal, Lesaiburu eta Oittotta alderdietan.
17,1 kilometroko ebakuazio linea eta ia 200 metroko eolikoak
Kasu honetan, aireko eta lurpeko ebakuazio linea 17,1 kilometrokoa izanen litzateke eta hori Eratsun, Saldias, Beintza-Labaien, Ituren, Oiz eta Doneztebeko lurretan barna pasatuko litzateke. Gisa berean, proiektuak aurrera eginen balu, «eolikoak paratzeko lur mugimenduak, sei metroko bideak, linea elektrikoak lur azpian sartzeko zangak, transformazio-azpiestazioa eraikitzeko zimenduak...» eginen lituzkete.
Eolikoei dagokionez, dorreak 113 metroko altuera izanen lukete, eta errotoreen diametroa 163 metrokoa zanen litzatekeela kontuan hartuz, dorreak eta palaka aintzat hartuta, eolikoek ia 200 metroko altuera hartuko lukete. Hamaika eoliko horietako batek 4.360 kWeko potentzia izanen luke eta gainerako hamarrek 4.500 kWekoa. Eoliko bakoitzak 6.610 metro koadroko plataforma izanen luke.
Sei metroko bideak
Eolikoak dauden tokira joateko bidea NA-170 errepidetik egitea aurreikusia dute, 10. kilometroan gutxi gorabehera.