Inauteriak 2024

Inauterietako igandeko txikizioak salatu ditu Donamariako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 6a, 13:30

Gaur asteartea, arratsaldeko zazpietan, balorazioa egiteko herri batzarra deitu du udalak.

Inauterietako igandean «herrian sortutako txikizio eta errespetu faltak» salatuz oharra atera du Donamariako Udalak. «Inauterien esentzia atzendu duten lau gaztek eginak» direla azpimarratu du Donamariako Udalak, «bertze gazte guztien izena zikinduz». Honen aitzinean «planto egin» eta mugak jarri beharko dituela jakinarazi du udalak. Horrela, ekintza horiek salatzeaz gain, gaur, asteartea, 19:00etan herri batzarra deitu du herriko etxeko erabilera anitzeko gelan, herritarren iritzia ezagutzeko.

 

Donamariako udalaren oharra:

Urte bat gehiagoz ailegatu dira inauteriak, urte bat gehiagoz ilusioz bete zaigu bihotza, herriko etxe eta karrikak kolorez, trikitixa eta pandero soinuez, eta haur, gazte eta helduen irri eta solasez betetzen diren egunak. Edo hori da behintzat inauterietan espero dena, baina usteak erdi ustel. Eta gure herrian aurten halaxe gertatu da. 

Haurren irriak, karrika iskinetara mugatu behar izan dira, herria inauterietan ez dugulako leku segurua dela sentitzen. Gazteek gero eta etxe gutxiago dituzte bisitatzeko, etxekoak ez baitira fidatzen nola portatuko diren. Eta helduen ahotsa ere gero eta suabeago aditzen da, jada ez direlako ilusioz eta gogoz irekitzen gure herriko etxeetako ateak, zirrika soinu, zikinkeria eta hausturen beldur.

Inauterietako igandeak, aurreko eguneko ardo eta algarek sortutako buruko mina, baita zare bat puska eta arroltze ere ekartzen ditu normalean esku artean. Aurtengoan, igandeko buruko mina ez da ardoaren ondorio bakarrik izan, herrian sortutako txikizio eta errespetu faltengatik baizik; herriko iskin aunitzetan dauden erretrobisore hautsiak, zirrika markak, ostatu barneko desastrea edo herrian dauden apaingarri eta materialen haustura.

Azken hauek herria eta herritarrak errespetatzen ez dituzten eta inauterien esentzia atzendu duten lau gaztek eginak dira, bertze gazte guztien izena zikinduz.

Beraz, herria errespetatzen dakitenengatik eta herrian disfrutatu nahi dutenengatik, planto egiten dugu, zuek ez badakizue zuen burua kontrolatzen, guk jarri beharko ditugu mugak. Inauteriak bizi nahi ditugu, elkarrekin denak disfrutatu. Hurrengo urtea iritsi eta denok gogoratzen ditugun inauteriez gozatu ahal izateko.

Lehendabiziko pausoa hau dugu, publikoki salatzea eta bailara mailan argitzea, ez udala ezta herria ere, ez gaudela horrelako istilu eta ezbeharren alde eta gure eskuetan dagoen guztia eginen dugula ez errepikatzeko.

 

Batzarra otsailaren 6an, asteartea, 19:00etan

Inauterietan izan diren ezbeharrei buruz solastatzeko, gaur asteartea, 19:00etan herri batzarra deitu dute herriko etxeko erabilera anitzeko gelan. Udalak herritarren iritzia jakin nahi du eta herritar guztiak daude gonbidatuak, gazteak zein helduak. «Ez bazaude konforme gertatu diren zakarkeriekin, hurbildu bilerara mesedez» dio Donamariako Udalaren oharrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun