Eskualdeko bost lasterkarik osatu dute Zegama Aizkorri mendi maratoia

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 28a, 21:10

Animorik ez dute falta izan lasterkariek. Argazkia: Golden Trail World Series

Hodei Lujanbiok (Goizueta), Gorka Urtasunek (Irurita), Iker Gonzalezek (Igantzi), Omar Ugartemendiak (Leitza) eta Iban Etxartek (Irurita) parte hartu zuten maiatzaren 26an Zegama Aizkorri mendi maratoian. Maiatzaren 24an jokatutako kilometro bertikalean, berriz, Narbarteko Jokin Arretxea eta Leitzako Eneko Andueza izan ziren eskualdeko ordezkariak. Lehenbiziko aldia, batzuentzat eta aurretik egindako markak hobetzeko saiakera, besteentzat. Guztien bizipenak eta egindako denborak jaso ditugu.

Hodei Lujanbio Apezetxea izan da eskualdeko lasterkarien artean azkarrena, 75. postuan ailegatu da helmugara eta 4.33.19 denbora behar izan du.

Eskualdeko lasterkarien denborak
ZEGAMA AIZKORRI MENDI MARATOIA
Izen-abizenak Herria Denbora
Hodei Lujanbio Apezetxea Goizueta 4.33.19 (75.postua)
Gorka Urtasun Saldias Irurita 5.12.27 (165. postua)
Iker Gonzalez Altzugarai Igantzi 5.49.42 (218. postua)
Omar Ugartemendia Sagastibeltza Leitza 5.54.00 (228. postua)
Iban Etxarte Antzizar Irurita 7.06.25 (335. postua)
ZEGAMA AIZKORRI KILOMETRO BERTIKALA
Izen-abizenak Herria Denbora
Jokin Arretxea Lastiri Narbarte

0.39.53 (18.postua)

Eneko Andueza Aramendia Leitza

00.52.27 (111.postua)

 

Hodei LUJANBIO APEZETXEA (Goizueta)

«Deskribatu ezin diren momentu eta sentsazioak bizitzen dira jendetza horren animo eta oihu artean pasatzen zarenean»

Hodei LUJANBIO APEZETXEA

Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzen zuen hirugarren aldia zen Hodei Lujanbio Apezetxearentzat, «azken hiru edizioetan jarraian parte hartu dut». Zegamakoa lasterketa «oso berezia» dela dio, «Mundu mailan fama gehien duen mendi lasterketa izanen da, eta gehienbat bertan sortzen den giroak eta biltzen den jendetzak egiten dute hain berezi». Horregatik, lasterkari guztiek bertan egon nahi izaten dutela azpimarratu du. Lasterketa barrenean bizitakoa zaila da azaltzen: «deskribatu ezin diren momentu eta sentsazioak bizitzen dira jendetza horren animo eta oihu artean pasatzen zarenean». Orokorrean ibilbide guztian egoten da jende asko, baina badira oso bereziak diren puntuak: «Sancti Spiritu, Aizkorri eta Andraitzeko pasillu jendetsuak. Eta lasterketa luze honen bukaeran herrira iritsi eta bertako jendetzaren artean helmuga zeharkatzea... ez du beste ezerk gainditzen!». Aurtengoan nahiko sentsazio onekin iritsi zen lasterketara, eta marka polit bat egiteko asmoarekin joan zen, «beharbada horregatik, fuerte xamar hasi nintzen, azkarregi agian, eta lasterketaren bigarren erdia nahiko kostata egin nuen, luze egin zitzaidan». Hala ere, helburu nagusiak bete ditu: «nire denbora hobetzea eta dortsala edukitzea hurrengo urteetarako». Heldu den urtekoarekin hasi da ametsetan: «ea hurrengo urtean berriro lasterketa hau disfrutatu eta hobetzen jarraitzeko aukera dudan».

Gorka URTASUN SALDIAS (Irurita)

«Mendi maratoi honetan parte hartzea sari ikaragarri potoloa da eta gozatzea zen nire helburua»

GORKA URTASUN SALDIAS

Zegama Aizkorri mendi maratoian parte hartu duen lehenbiziko aldia izan da eta «ikaragarrizko bizipena» izan dela dio Gorka Urtasun iruritarrak. Espektatiba altuak jarriak zituen arren, «erraz» gainditu dituela dio. Lasterketa hasi aurretikako momentua bera «berezia» da, «baina gero mendian barrena korrika hasi eta harrigarria da zenbat jende dagoen ibilbidean animoak ematen». Lasterketako hiru puntu nabarmendu nahi izan ditu: «Aratzeko gaina eta Sancti Spirituko eta Aizkorrira biderako tarteak, jendeak pasillo baten barruan sartzen zaitu eta hortik pasatzeak sortzen duen sentipena ez da deskribatzeko erraza». Egindakoarekin, «arras konten nago. Mendi maratoi honetan parte hartzea sari ikaragarri potoloa da eta gozatzea zen nire helburua». 42 kilometrotan buruak ere bere lana egiten du eta momentu txarrak ere badaudela aitortu du, «baina nik gozamen hutsetik bizi izan nuen proba. Bertan zapatillak jarri eta korrika egiteko aukera zuen zortedun bat nintzela jakinda». Zegama Aizkorri mendi maratoia, «lasterketa ederra da, ibilbide aski polita, zonalde tekniko batzuekin, Euskal Herriko gain aski ezagun pare bat ere pasatzen ditu ibilbideak, baina batez ere, jendeak egiten du lasterketa berezi. Jendeak, dagoen antolakuntza bikainak, munduko korrikalari hoberenen parte hartzeak, Zegama bezalako herri batean sortzen den auzolan erraldoiak…Zegama Aizkorriren inguruan sortzen den orok egiten du berezi lasterketa hau eta barrutik bizi ondoren ez nau harritzen». Bada ilusio berezia egin zion beste kontu bat ere: «jendez lepo zeuden zonalde horietan, adrenalinaz topera zoazen momentu horietan, jende ezaguna ikusteak sortu zidan poza eta ilusioa ere aipatu nahiko nituzke. Sentsazio hori bizitzeak aunitz bete nau». Gaztetatik ibili da kirolari lotua eta hala dio, «frontoi edo plaza baten barruan momentu zoragarri eta ahaztezin aunitz pasa ditut, baina aitzineko igandekoa ere nire barnean gordeko dudan kirol esperientzia bat izanen da, dudarik gabe».

Iker GONZALEZ ALTZUGARAI (Igantzi)

«Lehenengo maratoia izanik mantso hasi nintzen, bukatzeko helburuarekin, bide erdian gelditu gabe»

Iker GONZALEZ ALTZUGARAI

Pasa den igandean, Zegama Aizkorri Mendi Maratoian parte hartu zuen Igantziko mendi lasterkariak.  Lehenbiziko aldia zuen Zegama Aizkorrin, baita maratoi batean ere eta horregatik, indarrak neurtzeko ahalegina egin zuen hasieran. Lasterketako beroaldian, ezin izan zuen luzaro eutsi: «sentsazio onak nituenez, erritmoa azkartuz joan nintzen, jendearen animoak jasotzen nituen eta erritmo hori kontrolatzen saiatu nintzen, pasatu gabe, Sancti Spiritura iritsi arte. Hor ezin izan nion erritmo aldaketari aurka egin». Aizkorriko igoeran sufritzea tokatu zitzaion:  «behar baino gehiago estutu nuen nire burua eta Aizkorri igotzean kalanbreak hasi zitzaizkidan hanketan, bolak igoz... Hori dela eta erritmoa jaitsi behar izan nuen». Lasterketako giroak emanen zion akaso behar zuen bultzada eta Aizkorriko gaina zapalduta, errekuperatu eta aise egin zuen helmugarako bidea: «hagitz gustura bukatuz». Lasterketa honen berezitasuna bertako giroa dela azpimarratu du, «benetan, ez dago hitzik bertan zoazean sentitzen duzuna deskribatzeko, ikaragarria da benetan». Animo oihuen artean, hurbilekoen bultzada ere izan zuen: «lagunak eta inguruko jende dezente joan zen ikustera eta horien animoak bezalakorik ez dago. Esperientzia ederra izan da».

Omar UGARTEMENDIA SAGASTIBELTZA (Leitza)

«Jendeak sortzen duen giroagatik da berezia lasterketa hau»

Omar UGARTEMENDIA SAGASTIBELTZA

Bigarren saiakeran lortu zuen leitzar gazteak Zegama Aizkorri lasterketan parte hartzeko aukera: «zozketa bidez banatzen dituzte dortsalak eta hemezortzi urtetik aurrera parte hartu dezakezu zozketan. Iaz egin nuen lehenbiziko saiakera eta orduan ez nuen lortu, baina bigarrenean bai. Egia esan izugarrizko zortea izan dut». Pare bat urte daramatza mendian gora eta behera lasterka eta Zegama Aizkorrikoa orain arteko lasterketa hoberena izan dela dio zalantzarik gabe: «antolakuntza aldetik, jendearen animoa... lasterketako kilometro guztietan dago norbait animatzen eta hori kristoren sentsazioa da. Lasterketa oso gogorra da, batez ere lehenbiziko zatian baina jendearen animoarekin asko errazten da. Ez zaie inporta nor zaren, lasterkari guztiek sentitzen dute ikusleen bultzada». «Ibilbidea ederra eta gogorra da, baina jendeak sortzen duen giroagatik da benetan berezia lasterketa hau». Sei ordutik behera egin zuen lehenbiziko aldian eta lortutakoa marka ederra dela esan dioten arren, hobetzeko gogoz dago Omar: «lehenbiziko zatian behar baino gehiago estutu nuen neure burua eta hogeita hamargarren kilometrotik aurrera kalanbreren bat sentitu eta lasterketa bukatzea bihurtu zen helburua. Hobeki egin dezakedala uste dut eta ea berriz ere aukera izaten dudan».

Iban ETXARTE ANTZIZAR (Irurita)

«Esperientzia ederra da eta norbaitek aukera badu probestu dezala»

Iban ETXARTE ANTZIZAR

Zertxobait gehiago kosta zitzaion Iban Etxarteri Zegama Aizkorrirako gonbidapena lortzea. Hamargarren saiakeran lortu zuen dortsala, «loteria bat da, 11.000 lagun inguruk ematen dugu urtero izena». Aitortu du dagoeneko ez zuela espero: «ezin nuen sinistu antolatzaileen mezua jaso nuenean. Kirola egin gabe, zazpi bat urte neramatzan, baina nola ia ezinezkoa den tokatzea, urtero izena ematen nuen eta nire buruari esaten nion hurrengo urtean hasiko nintzela zertxobait gehiago entrenatzen». Hilabete gutxian egin behar izan zuen aldaketa, «argi nuen ezin nuela aukera hau galtzen utzi». Igandean bizitakoa «esperientzia ikaragarri ederra» dela dio eta ingurukoek ere berak bezain beste gozatu zutela uste du: «denak esan didate ikuskizun bat dela». Momentu hunkigarriak daude, ez nuen uste horrela hunkituko nintzenik. Irteerako puntuan jartzen duten musika hori barruraino sartzen zaizu. Inguruan ere jende aunitz ikusten duzu hunkituta, amets bat da askorentzat. Badu xarma hori. Munduko lasterkaririk onenen ondoan egoteko aukera ez da egunero izaten». Maila pertsonalean egindakoarekin «hagitz kontent» gelditu zen: «banuen beldurra ez bukatzekoa, baina hagitz kaskarroa naiz eta dena ongi kalkulatua nuen». Lehenengo zatian gehiago estutu nuen, denbora muga badelako Sancti Spiriten eta denbora horretan sartzeko korrika egin beharra dago». 

 

Jokin ARRETXEA LASTIRI (Narbarte)

«Jende aunitz dago bide guzian animatzen eta horrek indarrak ematen ditu kaxkora igotzeko»

Jokin ARRETXEA LASTIRI

Zegama Aizkorri Kilometro Bertikalean lehenbizikoz parte hartu eta hemezortzigarren postuan iritsi zen helmugara Narbarteko lasterkaria. Denboraldiko lehenbiziko lasterketak egiten hasi berria dela jakinda, ez da nolanahikoa lortutakoa: «nahi baino entrenamendu gutxiagorekin joan naiz eta hagitz gustura gelditu naiz egin dudan lasterketarekin». Kilometro bertikalean, tarte txikian eman behar izaten du korrikalariak bere onena eta horregatik, «kilometro bertikalak, lasterketa motz, bezain gogorrak» direla dio Arretxeak. Zegama Aizkorri Kilometro Bertikalak, ordea, badu akuilu garrantzitsu bat: «bertze lasterketatan ez bezala, hemen jende aunitz dago bide guzian animatzen eta horrek indarrak ematen ditu  kaxkora igotzeko». Jendearen animo eta babes hori nabarmendu ditu Jokinek, «baina ibilbidea ere aunitz gustatu zitzaidan eta antolakuntza ere hagitz hagitz ona da». Lehenbiziko parte hartzean halako postua lortuta, bertze urteren batean ere saiatuko da ziurrenik, animoek hauspotuta mendian gorako bidea egiten.

Eneko ANDUEZA ARAMENDIA (Leitza)

«Kilometro Bertikalean parte hartzea Zegama Aizkorriko giroa bizitzeko beste modu bat da»

Eneko ANDUEZA ARAMENDIA

Mendi maratoirako giroa berotzen hasteko, Zegama Aizkorri Kilometro Bertikala jokatu zuten ostiralean. Eskualdeko bigarren parte hartzaile izan zen Eneko Andueza leitzarra. Gustura gelditu da bertan egindakoarekin, «esperientzia oso polita izan zen, oso ongi joan zen eta eguraldiak lagundu zuenez, ikuslerik ere ez zen falta izan, jende asko zegoen mendian». Aizkorriko malda eta magalak ez dira berriak Anduezarentzat, 2019an maratoian parte hartzeko aukera izan zuelako, baina kilometro bertikalean bai «beti burutan nuen tankerako lasterketa batean parte hartzea. Zozketan dortsala lortzeko aukera gehiago daudenez, izena ematea pentsatu nuen. Zegama Aizkorriko giro berezia bizitzeko beste aukera bat da». Anduezaren ustez, eliteko lasterkariek ematen diote nortasuna lasterketari: «Zegamak duen berezitasuna da punta puntako lasterkariak bertan izaten direla». Mundu mailako lasterkariek ematen diote izena eta ospea lasterketari, baina boluntarioen eta antolatzaileen eskuetan dago neurri haundi batean izana. Asteburu honetan, korrikarako zapatilak antolakuntzako petoengatik aldatuko ditu eta Leitzako Mendi Erronkan izanen da boluntario lanetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun