Madrilgo enpresak hamabi eoliko egin nahi ditu Azkua proiektuaren barrenean. Zehazki, hamabi eoliko horiek Arantzako, Etxalarko, Igantziko eta Sunbillako lurretan paratu nahi ditu. Hasierako txostenean ageri denez, toki horietaz gain, makroproiektua garatzeko bertze kokapen posible batzuk ibili ditu esku artean, baina azkenean eremu hori aukeratu du. Ez hori bakarrik. Eremu horretan hiru alternatiba aztertu ditu, eta horietan bigarrena aukeratu du.
Hamabi eolikoak hiru lerrotan banatu dituzte
1-Arantzako, Sunbillako eta Igantziko lurretan lau eoliko paratu nahi ditu enpresak. Makroproiektu eolikoen kontrako taldeen susmoak betez, Bulatxiki gainean alde batera eta bertzera kokatu nahi dituzte: Gurutzetako Gainetik hasi, Bulatxikin segi eta Abelu aldera.
2-Etxalarren kokatu nahi dute bertze lerroa: Lau eoliko Egiluze aldetik (Igantzi-Etxalarko ehiza postuak dauden eremua) Azkua aldera eraiki nahi dituzte, Igantzi, Etxalar eta Sunbillarekin muga egiten duen tokian.
3-Etxalarren bertze eremu batean, bertze lau eoliko paratzea aurreikusi dute: Orizki aldetik Zentinelara.
Ia 200 metroko eolikoak
Erran beharrik ez dago, makroproiektu eolikoak egiteko hainbat obra egin beharko lituzketela eta hala bildua dute hasierako txostenean: «eolikoak paratzeko lur mugimenduak, sei metroko bideak ireki, linea elektrikoak lur azpian sartzeko zangak ireki, trasnformazio-azpiestazioa eraikitzeko zimenduak egin…».
Proiektu eoliko honek 8,1 kilometroko luzeran, aireko eta lurpeko ebakuazio linea bat edukiko luke eta hori Sunbillako eta Doneztebeko lurretatik pasatuko litzateke. Hamabi eolikoen neurriei dagokienez, dorre bakoitzak 113 metroko altuera izanen luke eta errotoreen diametroa 163 metrokoa izanen litzateke. Beraz, dorrea eta palak hartuz, ia 200 metroko altuera hartuko lukete eolikoek. Horien artean, hamarrek 4.200 kWeko potentzia izanen lukete eta bik 4.000 kWekoa. Horrekin batera, eoliko bakoitzak 6.610 metro koadroko plataforma izanen luke.
Sei metroko bideak
Gaur egun biderik ez dagoen tokietatik egin nahi dituzte bideak, belai eta baso erdi-erdietatik eta etxe eta baserrien ondotik pasatuz.
Lehenbiziko puntura joateko bidea Arantzatik
Lehenbiziko puntu horretara joateko bidea Arantzatik egitea pentsatua dute, NA-4020 errepideari segitu eta herrira ailegatu aitzinetik, 6,7. kilometroan goiti ezkerrera bidea eginda.
Goiko irudian Arantzatik eolikoak paratu nahi dituzten tokietara egin nahi duten bidea ageri da. Beheko irudietan, bide horren hasiera hurbilagoko planoetan hartuta, Arantzatik Bulatxikira bitartekoa. Goian bide gehiago zabalduko lituzkete eoliko bakoitzaren tokira joateko.
2-Bigarren puntura joateko bidea Etxalartik
Etxalarko kasuan, bigarren puntu horretara ailegatzeko bidea NA-4400 errepidetik egin nahi dute, Etxalarko herri sarrerara ailegatu aitzinetik, 3,325. kilometroan.
Goiko irudian Etxalartik, Lorpen lantegiaren ondoko lurretatik, eolikoak paratu nahi dituzten tokietara egin nahi duten bidea ageri da. Beheko irudietan, bide horren hasiera hurbilagoko planoetan hartuta ageri da. Goian bide gehiago zabalduko lituzkete eoliko bakoitzaren tokira joateko.
3-Hirugarren puntura joateko bidea NA-4453 errepidetik
Eta hirugarren puntura ailegatzeko NA-4453 errepidetik eginen lukete bidea, 19,885. puntu kilometrotik hartuta.
Goiko irudian, Etxalarko Orizki aldean eolikoak paratu nahi dituzten tokietara egin nahi duten bidea ageri da. Beheko irudietan, bide horren hasiera hurbilagoko planoetan hartuta ageri da. Goian bide gehiago zabalduko lituzkete eoliko bakoitzaren tokira joateko.