[GUTUNA]: Elizondoko Osasun Etxeko langileak egoerarekin kezkatuak

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 6a, 12:00

Eskualdeko mediku eskasiak profesionalen artean sortutako kezka eta ardura dela eta, ondoko idatzia argitaratu du Xabi Zarandonak, Elizondoko Osasun Etxearen izenean. Eskualdeko politikari, alkate eta herritarren laguntza eskatu dute eta «giza baliabideen premia» dutela adierazi dute.

Baztango Oinarrizko Osasun Eremua Nafarroako hedatuena da; 390 metro karratu ditu, hain zuzen ere. Horregatik, 365 egunez eta egunean 24 orduz etengabeko arreta eskaintzeko, etengabeko hiru arreta puntu ditu; egoera horretan dagoen Nafarroako haran bakarra da. Gainera, dispertsio handiko eremua dugu: Nafarroako Ospitalea Urdazubi-Zugarramurditik 75 km-ra dago, Elizondotik 55 km-ra eta Oronoz 45 km-ra; kontuan hartu beharreko afera, dudarik gabe.

2024ko maiatza akabailan eta ekaina hasmentan, langileen udako oporraldi garaian plantatzen garen bezperan, Elizondon dauden hiru mediku kontsultetatik, bi hutsik gelditu dira. Hau da, Elizondon goizetan lanean egon behar duten hiru medikuetatik bakarra gelditu da.

Uztailean, langileen oporrak eta bi medikuren faltak suposatzen duten arazoari aitzin egin eta biztanleriaren osasun arreta bermatzen segitzeko, Elizondoko Osasun Etxeko medikuek ohikoa ez den egoeran lan egin behar izan dute; gehiegizko ordu estrak eginez eta honek ekarri ahal zituen arriskuak hartuz.

Zoritxarrez, esfortzua eta borondatea ez dira nahikoa izan trabak saihesteko. Uztailaren 11n, 24an, 27an eta 31n, 15:20etik 08:00ak arte, Urdazubi-Zugarramurdiko eremua medikurik gabe egon da eta Elizondotik eskaini behar izan zaio osasun arreta.

Urdazubi-Zugarramurdi eremuko larrialdiak Elizondotik artatzen direnean, behar den tenorean ez ailegatzera menturatzen gara, eta 30-40 minutu bederen berandutzen ahal da arreta hori. Aldi berean, Erberea eta Baztangoiza 90-120 minutuz medikurik gabe gelditzen dira, medikua Urdazubitik berriz bueltatu arte. Hauxe da, erraterako, uztailaren 31ko arratsaldean bi aldiz gertatu zena. Abuztuaren 12an, 13an eta 14an Urdazubi-Zugarramurdin egoera berriz ere errepikatuko da.

Arizkun, Erratzu, Irurita eta Oronozko eremuak ere, goizeko lanorduetan, ez dira gibelean gelditzen, hauek ere kalteak sumatzen baitituzte. Medikuen oporretan eta bertze gisako absentzietan, ordezkapen falta sumatzen edo sumatuko dute.

Horren adibide gisa, aipatzekoa da Arizkunen eta Erratzun, abuztuaren 13an, 14an, 20an, 21ean, 22an eta 23an ez dutela goizetan medikurik izanen. Iruritan iraileko bigarren astean ez dute goizetako medikurik izanen eta Oronozen, berriz, iraileko azken bi asteetan sufrituko dute gabezia.

Azken bi urteetan ohikoa bihurtzen ari da egoera hau eta bada zenbait jende dagoeneko familiako mediku erreferente bat ez duenik.

Gainera, iraila aitzindu heinean, egoera jasanezin hau larrituko da, Elizondok ez baitu familiako mediku bakar bat ere izanen plantillan. Horregatik, profesionalok uste dugu ez dugula Osasunbideko Zuzendaritzaren irtenbideen zain egon beharrik, momentura arte hutsak edo baliogabeak izan baitira.

Iparralde Eremuko Lehen Mailako Arretako Zuzendariordetzak badu egoera larri honen berri, baina ez du erantzunik ematen. Ez dakigu noiz izanen dugun langile plantilla bere osotasunean.

Esker onekoak gaude eskualdean urte aunitzez lanean daramatzaten administrari, erizain eta medikuengatik. Esker onez beteak gaude biztanleriak osasun etxeko langileekiko duen ulermen eta pazientziarengatik. Baina, aldi berean, Baztanek duen egoera ahul honen aitzinean arras kezkatuak gaude, ez baitugu denbora laburrera ez luzera arazoak konponbiderik izanen duenik ikusten.

Nafarroan 30 medikuk akituko dituzte ikasketak eta lanerako prest egonen dira iraila honetan. Hutsik dauden lanpostu hauek haien begietara erakargarri bihurtzea hasmenta on bat izan daitekeela uste dugu. Zoragarria den eremu honetan lan egitea eta bikaina den biztanleria honekin lan egitea denen artean erakargarri bihurtu behar dugula uste dugu. Horretarako eskualdeko politikari, alkate eta ahal duen pertsona ororen laguntza behar dugu.

Baztandarren mesedetan lan egiten segitu nahi dugu eta horretarako laguntza behar dugu! Egoera oso larrian gaude eta osasun arreta gure eskubidea dela argi utzi nahi dugu! Giza baliabideak premiazkoak ditugu! Eta Osasunbideak eman behar dizkigun irizpideak, argibideak, irtenbideak edo dena delakoak ez zaizkigu inondik iristen! ETA HORREN PREMIAN GAUDE!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun