[GUTUNA]: Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe berria eta gure duintasuna

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 15a, 18:00

Mikel Iriarte Antxorena Elizondoko Lanbide Eskolako irakasle eta zuzendari ohiak idatzi hauxe bidali du TTIPI-TTAPAra. Kritiko mintzatu da Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eta Maria Txibite Nafarroako presidenteak Lanbide Heziketako eskualde mailako ikastetxe berriaren proiektuari ez diotelako bulkadarik ematen. Horrekin batera «mobilizazio deialdiei erne egoteko» deia egin du.

Hamar urte pasatu dira dagoeneko Xareta-Baztan-Bidasoa eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe berriaren lehenbiziko pausoak ematen hasi ginela. 2014.urtean Elizondoko eraikinean izan zen ezbehar batek alarmak piztu zituen, eta harekin batera, Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Departamentuko batzordeak Elizondoko lanbide eskola bisitatu zuen (UPNren azken urtea).

2015ean, gobernu aldaketarekin batera, eskualdeko Lanbide Heziketak (LH) zituen beharrak aztertu ziren eta ikastetxe berri baten beharra ikusi zen, zeinek bateratuko zituen eskaintza guztiak. Hasiera batean, Elizondoko LHko zuzendaritzak eta bertako irakasle batzordeak bideratu zituzten Lanbide Heziketa ematen zuten ikastetxeen, udalen eta enpresarien arteko bilerak, informazioa partekatzeko, egoeraren analisia egiteko eta erabakiak hartzeko. Aipatutako lan haren ondorioz, eskualdeko udal guztiek, aho batez, onartu zuten LHko eskaintza guztia bateratuko zuen ikastetxe berria eraikitzea eskatzen zuen mozioa.

Nafarroako Parlamentuak, 2016an onartu zuen, aho batez, udalek egindako eskaera eta eskatu zion Uxue Barkosen gobernuari eskaria gauzatu zezan. Lehen pausoak ematen hasi ziren bitartean, 2019an, Maria Txibiteren gobernua iritsi zen eta honek Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilari izendatu zuen. Geroztik, LHko ikastetxe berriaren proiektua geldirik dago. Carlos Gimeno jaunak, eta luzapenez, Maria Txibiteren gobernuak trikimailu eta aitzakiekin engainatzen ari dira. Gimeno, agintaldiko lau urtetan, proiektua frenatzen aritu den bitartean, 2022an, hauteskunde bezperan, Bertizko jauregian aurkeztu zuen ikastetxe berriaren proiektu bat.

Gauzak horrela, bertze lau urteko agintaldia hasi zuen Txibitek, Gimenok Hezkuntza kontseilari izaten jarraitzen duen bitartean. 2023an Nafarroako Gobernuak obraren esleipena atera zuten eta inork ez zuen hartzeko interesik erakutsi, eta hutsik, esleitu gabe, gelditu zen.

Jakinik Gimenoren jarrera eta borondatea zein den, ezin garbiago gelditzen ari da esleipenaren plegu baldintzak gauzatu ezinak zirela. Berriz ere azpijokoetan aritu da. Erran ziguten 2024. urtea akitu aitzinetik proiektuaren baldintza plegua berrikusi eta egokitu ondotik esleipen berria aterako zutela. Orain jakinarazi digute, justu Nafarroako aurrekontuak onartze bidean daudela, ez dutela esleipenik aterako. Proiektua bere osotasunean berrikusi behar dutela (hezkuntza eskaintza barne) erran diete udalei. Honek suposatzen du berriz abiapuntura bueltatzea, 2015era. Badirudi hamar urte horietan egin den lan guztiak deusetarako ez duela balio izan. Bertze behin, lotsagabekeria eta herritarronganako begirune eta errespetu falta erakutsi du Gimenok.

Zein dira Gimenoren eta Txibiteren arrazoiak proiektu honi bulkadarik ez emateko?

  1. Ez da beren proiektua, Uxue Barkosen gobernuaren agintaldian onartu baitzen.
  2. Nafarroan, Lanbide Heziketako eskaintza akademiko osoa euskaraz ematen den eskualde bakarra da. Gimenoren euskararekiko gutxiespena agerian gelditzen da.
  3. Azken hamar urteotan, gure eskualdean, LHko matrikula bikoiztu da. Akaso, beldur dira Oronoz-Mugairin kokatuko den ikastetxe berrian IrunĖƒerriko D ereduko ikasleen familiei erakargarri egitea (euskaraz murgiltzeko).
  4. Denbora joan ahala hasierako kontsentsu hura hoztuz joateko itxaropena dute, udaletako agintariak eta ikastetxetako irakasleak aldatzen diren bitartean.
  5. Nahiz eta kontrakoa erraten duten, Lanbide Heziketa bigarren mailako ikasketak bailiran tratatzen dituzte. Europak Espainiari eskatua dio LHa bultzatu dezala Europako mailetara iristeko.
  6. Kalkulu politikoak bultzatuta berriz ere Nafarroako iparraldeko biztanleok zigortuta gaude. Erribera aldeko biztanleriak neurri honetako lotsagabekeria eta begirune falta onartuko ote zioten Gimeno jaunari?

Hasiera hartan bezalaxe, orain ere, herritarrok egoerari dagokion erantzuna emateko gai izan behar dugu. Erne egon gaitezen eskualdeko eragileek aurrerantzean eginen dizkiguten mobilizazio deialdiei. Lanbide Heziketako ikastetxe berria orain!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun