Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan emakume aski ezaguna izan da Izaskun Zubizarreta Gerendiain oiartzuarra, azken 20 urteetan eskualdeko emakume gehienak lagundu baititu haien haurdunaldietan. Astelehenean hil zen, 53 urte zituela, minbiziaren ondorioz.
Mendia maite zuen Zubizarretak, eta Euskal Herriko mendiko eskiatzaile onenetakoa izan da. 2008an Munduko Kopako hainbat probatan lehiatu zen, eta Munduko Txapelketan zazpigarren izan zen, bai banaka eta baita binaka ere. Txirrindulari eta korrikalaria gisa eskualdeko hainbat lasterketetan parte hartu du, emaitza bikainak lortuz. Aipatzekoa da 2018an Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka irabazi zuela.
Bere aldeko agurra gaur arratsaldean eginen dute, Oiartzungo San Esteban elizan 19:00etan.