Bere behi hilaren hondakin toxikoekin 6 putre pozoitu izana leporatu dio Foruzaingoak baztandar bati

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 3a, 11:30

Foruzaingoak eginbide penalak ireki dizkio Baztango baserritar bati, fauna babestuaren kontrako delitu baten ustezko egilea delakoan. Ikerketa martxoan hasi zuten, guardek behi gorpuen ondoan hildako sei putre aurkitu ondotik.

Putre hilei egin zizkieten nekropsien emaitzek baieztatu zuten hegaztiek eta behiek, denak Pentobarbital sendagaiaren hondakinak zituztela. Pentobarbital albaitariek erabiltzen dute ganadua hiltzeko. Analisi biologikoek ere berretsi zuten intoxikatutako behiaren haragia eta putreek irentsitakoa berbera zela. Agenteek behiaren gorpua identifikatu zuten titularra ezagutzeko, berak utzia baitzuen hildako behia putreendako eremu horretan. Beraz, ikertu gisa deitu zuten.

2018an, antzeko hainbat gertakariren berri izan ondotik, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak Nafarroako Albaitarien Elkargoari jakinarazi zion bere elkargokideek baserritarrei jakinaraz ziezaietela botika hori erabiliz eutanasiatutako animalien gorpuak putreek eta bertze sarraskijale batzuek (ugatzak, miru handiak, sai zuriak eta arrano beltzak) EZ jateko moduan kudeatu behar direla.
 
Pentobarbitalekin hildako animaliak erre edo lurperatu behar dira
Pentobarbitalekin hildako animaliak baimendutako kudeatzaile baten bidez erraustu behar dira, eta, zaldien kasuan, lurperatu ahal izanen dira, betiere legezko baldintza batzuk errespetatzen badira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun