Azken eraso matxistak salatzeko jendetza bildu da Lesakako plazan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 11a, 08:00

Aski da! Eraso matxistarik ez! lelopean jende aunitz bildu zen atzo ilunabarrean Lesakako plazan egindako elkarretaratzean.

Argazkiak: Irantzu Pastor.

Azken egunetan bi gizonezko atxilotu dituzte Lesakan eraso matxistengatik. Atzo goizaldeko laurak aldera atxilotu zuten bat emakume bat kolpatzeagatik eta bertzea ekain hondarreko asteburuan. Eraso matxistak gogor salatzeko plazara atera ziren joan den astean Lesakan, eta gauza bera egin zuten atzo. Xulufrinak Lesakako Sare Feministaren eta Marrako Bortzirietako Gazte Feministen taldearen deiari erantzunez, jendetza bildu zen atzoko elkarretaratzean. Lesakako Udalak ere bat egin zuen deialdiarekin.

Xulufrinak eta Lesakako txosna batzordearen oharra

Xulufrinak Sare Feministak eta Lesakako txosna batzordeak atzo jakinarazi zutenez, «Lesakako sanferminetan behinik behin bi eraso matxista gertatu dira». Horren harira, «herritarren, txosna batzordearen eta mugimendu feministaren partetik babes osoa» adierazi nahi izan zieten erasoa jasan duten emakumeei. «Ez zaudete bakarrik, guk sinesten dizuegu, eta zuekin gaude!».

«Emakumeok eguneroko bizitzan jasaten ditugu eraso matxista, sexual eta jazarpen kasuak, eta, tamalez, besta giroan horiek ugaritu egin ohi dira, erasotzaileek baliatu egiten baitute alkoholak, bertzelako drogek eta gau giroak eman diezaieketen inpunitate eta ikusezintasun giroa», salatu zuten atzo. Hala, «argi» erran nahi izan zuten «deusek, inon, ez duela justifikatzen eta ezin duela justifikatu pertsona baten borondatearen kontra berak nahi ez duen zerbait egitea edo zerbait egitera behartzea. Ezetz beti da ezetz, baiezko argirik eza ere ezezkoa da, eta zaurgarritasun egoeran emandako baiezkoa ere ezetza da!».

Horrekin batera, «emakumeok gizonek gure gorputzak eta izatea objektu gisa baliatzeaz nazkatuta gaudela» nabarmendu zuten: «Antolakuntza, autodefentsa eta borroka feminista dira horrelako erasoei aurre egiteko tresna eraginkorrenak. Segi dezagun, beraz, herritarrak kontzientziatzen, elkar zaintzen, eta behin eta berriz egiten dizkiguten erasoak salatzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun