Ekaineko azken asteburuan zazpi gizon atxilotu dituzte Nafarroan eraso matxistengatik, eta horietatik bi eskualdean: Bat Baztanen, eta bertzea Lesakan. Bada, eraso horiek «gogor salatzeko» elkarretaratzea egin zuten atzo Lesakako plazan, Xulufrinak Lesakako Sare Feministak eta Marrako Bortzirietako Gazte Feministen taldeak deituta. «Izan ere, badirudi izendatzen ez dena ez dela existitzen, eta planto egin nahi diegu horrelako erasoak ez direla hain larriak erraten dutenei».
Gertatukoaren harira, «babes osoa» adierazi nahi izan zieten «edozein motatako eraso eta jarrera matxistak izan dituzten edo izaten dituzten emakumeei*. Ezin ditu deusek eraso edota jarrera horiek justifikatu». Horrekin batera, argi utzi nahi izan zuten «gertatu diren eraso matxistak ez direla gertaera isolatu eta bakanak, ez dira kasualitatea eta ez dira pribatuak. Indarkeria matxista egiturazkoa delako azaleratzen dira, sistemak eragin eta elikatzen ditu; eta beraz, erantzukizuna ere, erasoa egin duenarena ez ezik, publikoa eta denona ere bada».
Bertzalde, «maitasun erromantikoa eta hortik eratorritako harreman toxikoak indarkeriaren beraren sustatzaile» direla nabarmendu zuten: «Deusek, inon, ez du justifikatzen eta ezin du justifikatu pertsona baten borondatearen kontra berak nahi ez duen zerbait egitea edo zerbait egitera behartzea, ezta pertsona bati fisikoki eraso egitea ere». Eta bide beretik, erasotzaileari «arbuio erabatekoa» adierazi zieten: «Emakumeok nazkatuak gaude gizonek objektu gisa tratatzeaz. Aski da! Pertsona bakoitza bere buruaren jabe baita; emakumeak* ez baikara inorenak».
Atzoko agerraldia «elkar zaintzan oinarritutako harreman sare sano eta parekideak eraikitzea denon ardura» dela erranez bukatu zuten; «hala harreman sexu-afektiboetan, nola lagunartekoetan», eta, beraz, «jarrera zein eraso matxistak identifikatu eta salatzen segitzeko» mezua egin zuten: «Segi dezagun saretzen, egiturazkoa den indarkeria desagertzeko bide bakarra baita feministon sarea indartsu mantentzea, eta, bide horretan, bidelagun izan nahi dute Xulufrinak Lesakako Sare Feministak eta Marrako Bortzirietako Gazte Feministen taldeak».