Elizondoko karrikak bete ditu osasun arreta duinaren aldeko aldarriak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 29a, 16:30

1.500 lagun inguruk parte hartu dute gaur goizean Baztango Osasun Plataformak deitutako manifestazioan, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdin kalitatezko osasun sistema publiko, euskaldun eta duina eskatzeko

Plataformako kideek adierazi dutenez, «azken urteetan aunitzetan ikusi dugu gure familiako medikua aldatu egin dela, egoeraren desegonkortasuna agerian utziz. Landa eremuan mediku falta orokortua dagoela erraten ahal dugu, ez baikara gabezia hau bizitzen ari garen eskualde bakarra. Argi erran nahi dugu landa eremuetako biztanleak ez garela bigarren mailako biztanleak, eta guk ere kalitatezko osasun arreta merezi dugula. Zer erranik ez hizkuntza eskubideei buruz. Horrelako egoeretan, hau ere bigarren mailara pasatzen da, baina argi utzi nahi dugu euskaldunok euskaraz artatuak izateko eskubidea dugula, mediku euskaldunak behar ditugula».

Baztango egoera ere azaldu dute: «hilabeteak daramatzagu mediku falta bizitzen Elizondoko osasun eskualdean. Urdazubin, udan zehar zenbait egunetan medikurik gabe egon dira, larrialdietarako erizaina bakarrik utziz eta medikua behar izanez gero Elizondoko larrialdietako medikua igorriz eta Baztan osorako mediku bakarra utziz; Almandoztik Amaiurrerat mediku bakarra edozein larrialditarako; horrek suposatzen duenarekin. Elizondon, uda baino lehenagotik, goizetako mediku bakarra izan dugu Elbete eta Elizondoko biztanleria osoarendako, eta irailaren 13tik mediku titularrik gabe gelditu gara. Osasungintzako arduradunek hala nolako soluzioa eskaini digute, egun batzuetarako bi mediku kontratatuz, bertzeetarako bakarra…».

Horren aitzinean, «sistema egonkor bat» eskatu dute; «ezagutzen gaituzten medikuak behar ditugu, kalitatezko arreta bermatzeko. Lehen arreta maila sendo bat behar dugu, eta horretarako langileen baldintzak hobetzea eta plantillak egonkortzea ere beharrezkoa da. Hortaz, baliabide publikoak osasun sistema publikoa indartzera bideratzeko eskatu nahi dugu, eta ez geroz eta ohikoagoak diren zerbitzu pribatuak azpikontratatzeko. Osasun integralari erantzunen dion sistema bat behar dugu, eriak sendatzeko bai, baina prebentzioan eta osasun egoera ona mantentzean ere zentratuko dena. Mediku eta erizainez gain, gizarte langileak, psikologoak eta fisioterapeutak ere behar ditugu zerbitzua hobetzeko».

Hortaz, Nafarroako Gobernuari eskatu diote «Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko osasun kontseiluari dagokion garrantzia aitortzea eta bertako kide eta ordezkariekin elkartzeko prestutasun aktiboa izateaz gain, aipatu ditugunak betetzeko beharrezko baliabide material zein pertsonalak bermatzea».

Horrez gain, elkartasuna adierazi diete «Israelen basakeriak jasaten ari diren palestinar eta libanoarrei. Gerra eta miseria eza osasun egoera ona edukitzeko ezinbertzeko baldintza baita. Munduko hainbertze txokotan etengabe erasotzen den baldintza».

Azkenik, eskerrak eman dizkiete osasun etxeko langileei, «beren egun libreetan lan egiten ibili direlako», eta argi utzi dute mobilizazioekin segituko dutela «denendako izanen den kalitatezko osasun sistema publiko duin bat lortu arte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun