Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feministak «babes eta elkartasun osoa erasoa jasan duenari»
Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feministak bere «babes eta elkartasun osoa» adierazi nahi izan dio erasoa jasan duenari eta argi utzi nahi du «Bertizaranan eta Malerrekan badagoela mugimendu indartsu bat eraso matxisten aurka gogor borrokatzen saiatzen ari dena». Mugimendu feministaren oharrak dioenez, «ez da deus berria emakumeok jasaten dugun biolentzia guztia, eta hau, Narbarteko bestatan gertatutako azken erasoak argi utzi digu. Jakin badakigu gure eskualdeko besta eredua ez dela batere segurua emakumeontzat, erasoak badaude, baina salaketetara gutti ailegatzen dira»,
Eraso hau ezin dela modu isolatuan ulertu uste du mugimendu feministak, «erasoak, begietara ikusezina den sistema oso baten adierazpen bortitzenak dira. Sistema kapitalista eta zisheteropatriarkala da horrelako erasoak ahalbidetzen dituena, emakumeak azpiratuak izan gaitezen beldurra sorrarazten jarraitu nahi duena». Malerrekako eta Bertizaranako mugimendu feministaren arabera, «guztion ardura eta betebeharra da bertze gizarte eredu bat eraikitzea, jarrera eta eraso matxistak gaitzetsi eta erantzutea. Inolako salbuespenik gabe. Denok dugu ardura eta denok dugu zeregina, erasotzailea existitzen bada, hau babesten duten konplizeak direlako pasatzen da».
Narbarteko kontzejuak ere gaitzespen irmo eta sendoa
Narbarteko kontzejuak emakume gazte batek abuztuaren 22an Narbarten jasandako sexu erasoaren aurrean bere «gaitzespen sendo eta irmoa» adierazi du eta «biktimarekiko hurbiltasuna eta elkartasuna» adierazi nahi izan du, «baita haren senide eta hurbilekoekin ere». Kontzejuak berdintasunaren aldarrikapena eta, beraz, «emakumeen eta gizonen berdintasunaren errespetua azpimarratu nahi ditu, baita pertsonaren duintasuna, sexu askatasuna eta osotasun fisikoa ere, guztiak ere eskubide bortxaezinak». Eskubide horien aurkako jokabideek «ez dute lekurik gure gizartean» eta Narbarteko kontzejuak gaitzetsi egiten ditu.