24 langile dituen zerrategiko ateak itxiak daude, beraz, eta horretaz gain, langileak gau eta egun daude Luberrondoko bidegurutzean, enpresak Katazpegin duen bertze muntaia lantegira joan daitezkeen kamioien joan-etorria geldiarazteko.
Jose Gregorio Etxeberria, lantegiko ELAko ordezkariak aipatu digunez, «duela urte batzuk, zuzendaritza aldatu zen eta soldata berarekin ordu gehiago ezarri zituen. Badakigu enpresak irabaziak dituela, baina gure soldatetan ez da KPIaren igoerarik aplikatu. Hori da eskatzen ari garena, zenbait kasutan 2020. urtetik soldatak izozturik daude eta pentsatu behar da lau urteotan bizitza zenbat garestitu den eta prezioak zenbat igo diren. Zuzendaritzarekin saiatu gara hori negoziatzen, baina ez digute deus erraten eta, azkenean, sindikatuarekin adostu eta mobilizazioetan hasiak gara, ea zerbait lortzen dugun».
«Joan den ortzegunetik lantegia itxia dago»
Joan den urtetik hasiak dira lan horretan, Etxeberriak aipatu digunez, «orduan gure eskariak aurkeztu genizkion zuzendaritzari, baina ez ziguten erantzun». Ondorioz, mobilizazio progresiboak egiten ari dira: «Lehenengo egunetan bi orduko geldialdiak egin genituen, bertze bi egunez lau ordukoak eta joan den ortzegunetik zortzi orduko geldialdia egiten ari gara, eta beraz, lantegia itxia dago». Gehiago ere erran dute: «Greba hasi dugunetik langile bat bota dute errendimendua bajatu zuela erranez».
Zuzendaritzarekin bileraren bat izan dute eta «orain zain gaude, ea zerbait erantzuten diguten eta zer edo zer adosten dugun». Soluziorik ez bada, mobilizazioekin segitzeko «indarrarekin» daude langileak.
Azkenik, langileek eskerrak eman nahi dizkiete «herriko jende guztiari, gauzak ekarri dizkigutelako eta babesa eman digutelako. Eskerrik asko!».