[EGUNERAKETA] Baztan-Bidasoaldeko nekazariak eta abeltzainak ere errepidera atera dira protestan

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 8a, 12:45

Bertze hainbat bazterretan bezala, Baztan-Bidasoaldeko nekazari eta abeltzain batzuk ere errepidera atera dira gaur goizean. Traktoreak hartuta, 10:30 aldera bildu dira Oronoz-Mugairi eta Sunbilla arteko N-121-A errepidean, baita NA-1210ean ere. TTIPI-TTAPAri jakinarazi diotenez, 30-40 abeltzainek eta nekazarik bat egin dute mobilizazioarekin eta trafikoa moteltzen ari dira, zeharo gelditu gabe. Sei puntuko aldarrikapen zerrenda paratu dute mahai gainean.  Bideoa: Foruzaingoa.

Alde batetik, «inportatutako produktuentzat osasun, ingurumen eta gizarte berme berberak» eskatu dituzte, baita «burokrazia murriztea» ere. Gisa berean, NPBtik hartzen duten «diru kopurua ez dadila murriztu» exijitu dute, kontrakoa, hain zuzen, «mantendu eta eguneratu dadila egungo beharren arabera».

Gaur errepidera atera diren abeltzainen eta nekazarien laugarren aldarrikapena «nekazaritzako gizarte segurantzako kuota jaistea» izan da eta bosgarrena «Elikagaien Katearen Legea betetzea». Horrekin batera, belaunaldi aldaketarako «Europako plana» eskatu dute, gisa horretara, «elikagaien hornidura bermatzeko».

Adierazi dutenez, «sentitzen dugu honetara ailegatu behar izatea eta biztanleriarengan eragiten ahal duen molestia, baina momentuz harrera nahiko ona du eta jendeak ulertzen du».

Bi noranzkoetara joateko bideetan moteltzen ari dira trafikoa.

NA-1210 errepidean ere ibili dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun