Dolu perinatala

«Dolua lantzen ez baduzu bizi osoan arrastaka eramanen duzu»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 21a, 09:00

Irati Irigoras Larrazabal eta Imanol Etxeberria Antxorena Aietz ttikia besoetan dutela.

Irati IRIGORAS LARRAZABAL eta Imanol ETXEBERRIA ANTXORENA

Dolu perinatalari buruz aritu dira Irati Irigoras zegamarra eta Imanol Etxeberria arizkundarra TTIPI-TTAPArekin. «Tabuak eta lotsak» alde batera utzita, gaia ikusgarri egitea garrantzitsua dela diote.

Haurdunaldian, erditzean edota jaio eta gutira pasatzen diren heriotzen dolu prozesua da dolu perinatala. Datuek diotenez, lau haurdunalditik bat ez da bukaerara ailegatzen, baina guti solastatzen da gaiaz. Irati Irigorasi eta Imanol Etxeberriari, ordea, garrantzitsua iruditzen zaie ikusaraztea, «egunerokoan presente» dagoelako. 2021ean galdu zuten lehenbiziko haurra, eta bi urtez, lau galdu dituzte. Pasatu zaiena «naturaltasunez» kontatu izan dute «hurbilekoen artean» eta mina desagertu ez bada ere, «dolua arintzen lagundu» diela onartu dute. Orain, berriz, bizitakoa publikoki kontatzea erabaki dute: «Gure egoera igualean dagoen norbaitek belarri batzuk behar baditu, jakin dezan hemen gaudela». Dolu perinatalaren bueltan dauden beharrez aritu dira, bederatzi hilabete dituen etxeko ttikia, Aietz, ondoan dutela. 

Aietz sortu aitzinetik, lau haur galdu dituzue bidean…

Irati: Bai, ez gara ume bakarreko familia, Aietz jaio aurretik galdu ditugun laurak ere kontatzen ditugu. 2021ean galdu genuen lehenengoa. Bageneramatzan sei hilabete haurdun gelditu nahian, eta gelditu ginenean ‘listo, hiru izango gara’ pentsatu genuen. Sintoma guztiak nituen, dena aurrera zihoan, baina hirugarren hilabeteko ekografia egiteko egunaren bezperan, odoletan hasi nintzen. Odol pila bota nuen eta ospitalera joan ginen. Ospitalean ekografia egin zigutenean garbi ikusi zen; poltsa hor zegoen, baina umea ez.

Imanol: Hor ezagutu genuen fetuaren arrautza hutsa zer den. Iratik haurdunaldiko sintomak zituen, baina ez zegoen haurrik. 

Irati: Ospitalean hiru ginekologo jator tokatu zitzaizkigun. Dena esplikatu ziguten eta hiru aukera eman zizkiguten: lehenengoa etxera etorri eta etxean poltsa bakarrik ateratzen utzi; bigarrena medikazio bidez probokatzen hasi eta ospitalean bota; eta hirugarrena zuzenean legratua egitea. Medikazioa hartuta bakarrik ateratzen zen ikustea erabaki genuen. Hiru pastilla eman behar zizkidaten, eta lehenengoarekin kontrakzioekin hasi nintzen. Ez zen ezer atera; bigarrena ere eman zidaten eta txanda aldaketa izan zen. Txanda aldaketan, beste ginekologo bat sartu zen, eta indarkeria obstetrikoa jasan nuen. Nola zegoen ikusteko kontsultara eraman ninduen, eta kontsultan ginela, ezer esan gabe, tresnak hartu eta poltsatik tiratzen hasi zen. Izugarrizko mina sentitu nuen. Tiraka eta tiraka aritu zen, eta ezer ez, ez zela askatu eta ebakuntza-gelara joan behar nuela esan zidan. Min hura hasieratik saihestu zitekeen, edo gutxienez esplikatu behar zidan. Momentu hark ondorioa utzi didala konturatu naiz Aietz jaiotakoan. Ez da galera bakarrik, galera hura halakoa izateak blokeoa eragin zidan eta gaur egun psikologo perinatal-sexual batekin nabil. 

Imanol: Lehenbiziko haurdunaldian, guraso izatea erabakitzen duen edozeinek bezala, kristoren ilusioa hartu genuen, baina hirugarren hilabetea ailegatutakoan kristoren kolpea izan zen. Gero jakin genuen abortuen % 20 fetuaren arrautza hutsa direla, baina jendeak ez du kontatzen.

Irati. Bigarrenaren eta hirugarrenaren kasuan, odoletan hasi nintzenean, etxean gelditzea erabaki genuen. Eta laugarrena ugalketa lagundu bidezko haurdunaldia izan zen. Jarraipen zorrotza egin ziguten haurdunaldian, eta seigarren astean esan ziguten umea igual ez zela aurrera aterako.

Imanol: Beti «badoa, baina…» erraten ziguten.

Irati: Hirugarren hilabeteko ekografian baieztatu ziguten hilda zegoela, ez zuela bihotz taupadarik eta malformazio batzuk zituela. Ospitalera joan behar izan genuen. Aurretik bizi izan genuen esperientzia gogorraren ondoren, lokartuta legratua egitea nahi nuen. Ospitalera ailegatu ginenean, berriz ere lehenengo haurdunaldiko ginekologoa tokatu zitzaigun. Ordurik ez zuela eta biharamunean bueltatzeko esan zigun. Halaxe egin genuen. Pastillak eman, eta bi ordura, umetoki lepoa zabaldua zenean, ebakuntza gelara eramango nindutela esan zigun. Baina orduak pasatu ziren. 09:00etan sartu ginen ospitalean eta 18:00etan, odoletan hasi nintzenean, beste ginekologo bat etorri zen eta orduan eraman ninduten ebakuntza gelara. Egun bat erditze induzitu baten estilora, berriz ginekologo hura tokatu zitzaigulako. 

Nolakoak izan dira dolu prozesuak?

Irati: Nahiko gogorrak. Dolua nahiko gaizki eraman dugu ez garelako batere babestuak sentitu profesionalen aldetik. Gaur egun inguruan ditugun profesionalekin konparatuta, egin diguten jarraipena eta izan duten enpatia ikusita, ikaragarrizko aldea dago. Orduan ere holako profesionalak izan bagenitu, ez genuen hain dolu gogorra pasatu izango. 

Beraz, osasun profesionalen aldetik hutsuneak sumatu dituzue...

Irati: Denetarik tokatu zaigu, bi muturrak ezagutu ditugu. Batzuk oso onak izan dira, oso ondo zaindu gaituzte eta haien enpatia eta errespetua asko eskertzen dugu. Baina beste batzuk justu kontrakoak izan dira. Lehenengo aborturen ondoren, urtebete pasata, ez genuen haurdun gelditzea lortzen eta ginekologoarengana joan nintzenean, «gaztea zara eta lasai, ez duzu presarik» esan zidan. Hori 30 urterekin, eta gero, 35 urterekin zaharra zara. Zentro pribatu batera joatea erabaki genuen, lehenengo abortu haren ondoren dena ondo zegoen jakiteko. Bioi egin zizkiguten probak eta intseminazio bidez probatzea aholkatu ziguten. Probak egiten ari ginela pasatu ziren bigarren eta hirugarren abortuak, baina naturalki gelditua nintzen haurdun. Intseminazioarekin ez  nintzen haurdun gelditzen eta azkenean, in vitro bidez gelditu nintzen laugarrenaz haurdun. Zentro pribatuan garbi gelditu zen laguntza behar genuela, baina txosten guztiak publikora eraman genituenean, hutsetik hastea proposatu ziguten. Bi urte eta erdi «gaztea zara» entzunez, eta laugarrena galdutakoan, proba guztiak eginak izanagatik, hutsetik hasi nahi zuten. Hori ere oso gogorra izan zen, umeak galdu, laguntza behar eta laguntzarik ez zela ailegatzen ikustea. Suertez, mediku pribatua ordaindu ahal izan dugu, baina hori ez da denen aukera. Publikoaren zain zaudenean adina pasatzen ahal zaizu. 

Imanol: Lehenbiziko lau abortuetan Elizondon ginekologo finkorik ez izateak ere ez zuen batere lagundu. Aldiro diferentea zen, eta beti denei gauza bera esplikatu behar. Aietzekin tokatu zitzaigun ginekologoak, berriz, segimendu zorrotza egin zigun. Ohiko hitzorduez aparte, kontsulta gehiago egin zizkigun. Nik, pertsonalki, bihotz taupadena arras gaizki eraman nuen. Dena ongi zihoala ikusten nuen, baina nire galdera beti bihotz taupadak zituen izaten zen. Horri buelta ematea kosta zait. 

Biek berdin bizi izan duzue dolua?

Imanol: Elkarrekin egon gara, eta nik uste bikote bezala aunitz indartu garela. Elkar laguntzen eta elkarri babesa ematen aritu gara. Ni gaizki nintzelarik Irati beti ondoan egon da eta bera gaizki zelarik ni hor egon naiz bere ondoan. Hola atera gara aitzinera.

«Guretzat arras inportantea zen lau ume horiei merezi zuten despedida ematea»

Agurra egitea garrantzitsua iruditu zitzaizuen...

Irati: Laugarren umea galdu genuenean, inflexio puntu bat izan genuen. Guretzat oso inportantea zen lau ume horiei merezi zuten despedida ematea. Izena jarri, bakoitzari karta bat idatzi, eta dolua ixteko karta horiek erre eta Imanolen aitaren errautsak dauden lekuan bota genituen. Haiek merezi zuten, eta guk ere behar genuen. Ematen du ez dela ezer gertatzen, umea galdu, medikuarenetik atera, etxera joan, segidan lanera… Laugarrena galdu genuenean, geldialdi bat egin genuen. Biok etxean denbora pasatu behar izan genuen, nik Imanolek baino gehiago, fisikoki ere ez nengoelako oso ondo. Orduan ikusi genuen merezi zuten aitortza eta agurra eman behar geniela. Horrek, aldi berean, Aietzena motxilarik gabe hasten lagundu zigun. 

Dolua gainditu duzuela erraten ahal da edo hor segitzen du?

Imanol: Hor segitzen du.

Irati: Bai, hor dago. Aietzen erditzea oso gogorra izan zen, eta horrek ospitalean bizi izandako galeraren zauria ireki zidan. Hala konturatu naiz ez dagoela oso itxia. Eskertzekoa da emaginak psikologo batengana bidali izana. Biok joaten gara, baina hor ere bada hutsunea.   

Imanol: Profesionalen aldetik formazio falta ikaragarria dago.

Irati: Adibidez, azken kontsultan, psikologoak antsiolitikoak hartzeko esan zidan. Dolua ez da antsiolitikoak hartuta pasako. Dolua tratatu behar da, eta barruan korapilatua duguna zer den ikusi eta libratu. Hori da dolu batek eskatzen duena eta osasun sistema publikoan horren falta sumatzen dugu. Pribatura bideratuak garela ikusten ari gara.

Datuek diote lau haurdunalditik bat ez dela bukaerara ailegatzen. Baina gaiaz ez da aunitz solastatzen. 

Imanol: Denek barnean eramaten dute norbaitek kontatzen duen arte. Guk, guri pasatutakoa, mantso-mantso eta naturaltasunez kontatzea erabaki genuen, eta makurtasun horren barnean, kontatzeak aitzinera segitzen lagundu digu. Inguru hurbilean, enpatia ona sentitu dugu, nahiz eta «gazteak zarete, segi larrutan» erran digutenak ere izan diren. 

Irati: Umea galtzen duzunean esaten dizute lau haurdunalditik bat galdu egiten dela, baina ez du inork ezer kontatzen. Eta holako egoera batean zaudenean beste batzuen esperientzia entzuteak lagundu egiten du. Egoera honetatik pasatu den bati kontatzen diodanean, badakit ez nauela epaituko, badakit ez didala «lasai, gaztea zara» edo «hobe hasieran hiltzea, jaiotakoan hiltzea baino» esango. Horregatik erabaki genuen gurea kontatzea, eta gure egoeran dagoen norbaitek belarri batzuk behar baditu, jakin dezala gu hemen gaudela. Guk horren falta sentitu dugu, eta hitz egiten hasitakoan, «niri pasatu zait», «nire arrebari edo ahizpari pasatu zaio»… esaten dizute. Gaia agerian utzi behar da, egunerokoan presente dago. Edozeini pasatzen ahal zaio eta hitz egin behar da. Buru osasunarekin ere lotua dago. 

Zuei lagundu dizue solastatzeak…

Imanol: Bai, min hori presente dugu, baina solastatzeak eta partekatzeak korapiloa aritzen laguntzen du. Baztango Udalaren bitartez egin genuen aitatasunari buruzko ikastaroan, sei aita bakarrik elkartu ginen, baina bakoitzak gure historia kontatu genuen eta solastatzeak denoi pila bat lagundu zigun.

«Iduri du gauza txarrak kontatzeko ez dugula baimenik»

Zergatik uste duzue gaiak tabu izaten segitzen duela?

Irati: Alde batetik, ez delako hitz egiten, eta bestetik, gizartean heriotza ez delako naturaltasunaz bizi. Gauza onak kontatzen ditugu, baina ematen du txarrak kontatzeko ez dugula baimenik. Eta pena da, bizitzako parte delako. Klinika pribatuan urte eta erdiz ibili ginen, ia astero joaten ginen, eta hura beti jendez betea izaten zen eta ez genuen inorekin kointziditu. Horrek esan nahi du umeak galtzen edo haurdun gelditzeko arazoak dituzten asko daudela.

Imanol: Ez dakit hitza zein den, beldurra, lotsa edo zer den, baina jendeak ez du kontatzen. Hoberena gaia naturaltasunez hartzea izanen litzateke, baina jendeak nahiago du arazoak norberarendako altxatu eta zoriontasunak elkarbanatu. Guk ez dugu beraien esperientzia txarra kontatu digun inor izan. Mundu honetan dagoen gauzarik errazena haurrak egitea dela aditu dugu. Baina guk lau galdu ditugu, eta gu bezala jende aunitz dago egoera horretan. Bi urtez lau abortu izan ondotik, suertez, Aietz etorri zen, baina bada bortz, sei edo hamar urtez edo sekula haurdun gelditzen ez dena.

Irati: Gaia tabu izatearen harira, jendearen komentarioek ez dutela laguntzen gehituko nuke. «Hobe hasieran hiltzea, jaiotakoan hiltzea baino» bezalako komentarioak entzun baino lehenagotik isildu egiten zara; mina saihestuko duzu. 

Zerk laguntzen du momentu horietan?

Irati: Guri momentu hartan besarkada bat emateak edo «zerbait behar baldin baduzu, hemen gaude» esateak lagundu izango liguke edo entzuteak. Besterik ez. Badakit halako komentarioak ez direla maleziarekin egiten, baina min handia ematen dute, eta askotan horregatik erabakitzen duzu isiltzea.

«Bada garaia gauzak naturaltasunez bizitzeko»

Zer ondorio izaten ahal ditu isiltasunak haurra galdu dutenengan?

Irati: Dolua ez baduzu pasatzen, trabatua gelditu den zerbait ondo bideratzen ez baduzu, bizitza osoan arrastaka eramango duzu. Bada garaia gauzak naturaltasunaz bizitzeko eta kontatzeko, tabu gabe, lotsa gabe. Bizitza hola da. Gizarteko parte da heriotza, nahiz eta galera haurdunaldiko seigarren astean izan. 

Lege aldetik trabarik sumatu duzue?

Irati: Ez da inon ageri bizirik jaio ez diren ume batzuk eduki ditudala, edo ezin izan ditugu enbrioiak ekarri nahi genuen despedida emateko. Existituko ez balira bezala dira eta nik gure umeak direla sentitzen dut. Araudia duela gutxi aldatu dute eta umea haurdunaldiko seigarren hilabetetik aurrera hiltzen denean, izen-abizenekin erregistratzen ahal duzu, baina bestela ez. Badaude hutsuneak, eta ez dut uste asko kostako litzatekeenik ume baten izena nonbait agertzea. Gure kasuan, lehenengo hiru hilabeteetan galdu ditugunez, argi dago ez direla pertsona kontsideratzen.

Imanol: Eta lege kontuak aipatu ditugula, holako galeren ondotik emakumeei egun batzuetarako ordaindutako baimena eman beharko liokete, nolabait errekuperatu ahal izateko. Ez da inorendako goxoa ume bat galdu eta ordu batzuen buruan lanera joan behar izatea. 

«Zama arinagoa da barnea husten denean»

Zer erranen zeniekete haurra galdu duten familiei?

Imanol: Barnea libratzeko, korapiloak ez baitira batere onak. Barnea husteko inguru segurua bilatzea ere garrantzitsua da, ez astakeriak botako dituen jendea. Nahiz eta beti barnean zerbait izan, zama aunitz arinagoa izanen da. Denborarekin eskertuko dute.

Irati: Doluak badu bere lana, baina merezi du. Eta profesionalak hor daudela ere esango nuke. Konfiantzako profesionalen bat harrapatuz gero, laguntza eskatzeko. Zaila da buru osasuna hamar-hogei minutuko kontsultan ikustea, eta ondo ez bagaude guk ere pausoa eman eta laguntza eskatu behar dugu. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun