Joan den ortziralean, abuztuaren 30ean egindako osoko bilkuran, Bertizaranako Udalak babes osoa adierazi dio abuztuaren 23ko goizaldean Narbarten sexu erasoa izan zuen biktimari, eta behar den guztian laguntza eskaini dio. Gainera, Bertizaranako Udaleko hautetsiaren «berehalako dimisioa» eskatu du «sexu erasoarekin zerikusia duelako» eta, bertzela, «kargua uztera behartuko zaio».
Narbarten abuztuaren 23an izandako sexu erasoari buruzko adierazpen instituzionala ere onartu eta argitaratu dute Bertizaranako Udalaren webgunean eta Bertizaranako bailarako tabloietan.
Adierazpen instituzionala
Adierazpen honek dioenez, «Bertizaranako Udalak beti erakutsi du eraso matxista guztien aurkako gaitzespen erabatekoa».
Abuztuaren 23ko goizaldean Narbarten gertatutako sexu erasoaren aurrean, Bertizaranako Udalak «bere gaitzespena eta kondena» adierazi du, «edozein pertsonaren aurkako edozein sexu indarkeria dela eta», eta bere babes osoa adierazi dio biktimari: «Kalea, gaua, eguna, pertsona guztien gozamenerako eta dibertsiorako dira, eta ezerk ez du justifikatzen pertsonek beren askatasuna eta segurtasuna galtzea».
Horregatik guztiagatik, gizarte hobea lortzeko konpromisoan, Bertizaranako Udalak bere konpromisorik irmoena adierazi nahi du «genero indarkeriarekin amaitzeko neurriak bultzatzen jarraitzeko esparru guztietan: sexualean, jaietan, politikoan, legegilean, ekonomikoan…». Sentsibilizazio eta prebentzio neurriak eta berdintasun politikak hartzea ere adostu du Bertizaranako Udalak eta «pertsonek jasaten duten edozein indarkeria motaren aurrean, guztiek segurtasunez eta askatasunez bizitzeko eskubidea» aldarrikatu du.
Protokoloa
Sexu erasoen aurrean jarduteko protokolo bat adostea ere erabaki du Bertizaranako Udalak, Malerrekako Mankomunitatearekin eta Narbarteko, Legasako eta Oieregiko kontzejuekin batera.