Legasako sarreran egin nahi duten «kamioiendako makrogasolindegiak kezka eta haserrea» sortu ditu Bertizaranan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 18a, 09:30

Narbarteko bi belai horietan egin nahi dute gasolindegia.

Bertizaranako Udalari proiektua alde batera uzteko «bere esku dagoen guzia egiteko» eskatu diote herritarrek.

Bertizaranako herritarrek ez dute begi onez ikusi Legasako sarreran egin nahi duten kamioiendako gasolindegia. Legasako kasuan, kontzejuak deituta, asteartean egin zuten bilera, eta hala eman zieten herritarrei proiektuaren berri. Horrek «kezka, urduritasuna, haserrea eta inpotentzia» sortu ditu herrian, eta «eskualde guziari eraginen dion proiektua» dela iritzita, mugitzen hasi dira. Garbi dute, «Malerreka nahiz Bertizaranako biztanleok zailtasunak izanen ditugula eskualdean mugitzeko». Proiektuaren kontra, sinadurak biltzen ere hasi dira, oraingoz, Bertizaranako herritarren artean.

2021etik martxan

«Bileran jakinarazi zigutenaren arabera, 2021ean paratu zuten proiektua martxan». Halaxe argitu dute Bertizaranako herritarrek oharrean: «Udalaren ezezkoa ikusita, gasolindegia eraiki nahi duen enpresak, Bertizaranako Udalarekin zenbait tramite egin ondotik, Nafarroako Gobernura jo zuen zuzenean. Orain arte Nafarroako Gobernuak paratutako baldintzak betez joan da eta gaur egun makroproiektua egiteko baldintzak betetzen ditu». Herritarrak, ordea, kontra daude: «Bileran adierazi zigutenez, Bertizaranako Udala eta hiru kontzejuak proiektuaren kontra daude eta udalak baldintza horiek aldatzeko eskumena du, araudia aldatu eta kalte ordaina ordainduz gero, proiektua alde batera geldituko litzatekeelako».

«Gasolindegia egiteko inolako beharrik ez»

Herritarren hitzetan, «ez dago makrogasolindegia egiteko inolako beharrik». Inguruan «nahiko gasolindegi» badirela diote: «Legasan berean, N-121-A errepidean bi gasolindegi daude eskuin-esker, Doneztebetik Sunbillarra bertze bi, Doneztebe herrian bertze bat eta Oronozen bertze bat».

Horrekin batera, oharrean oroitarazi dute, «N-121-A errepidea egiteko Bertizaranako biztanleoi lur sailak desjabetu» zizkietela. Eta orain, «N-1210 errepidea kolapsatzeko arriskuan» ikusten dute. Honela gaineratu dute: «Harrigarria bada ere, N-121-A errepideko saihesbidea egin zutelarik, Nafarroako Gobernuko teknikariek egungo N-1210 errepidea zabaltzea ez zela egokia erran zuten, herritik hurbilegi zegoelako, eta horregatik, bidea Lakoizketa gibeletik bideratu zuten. Orduan onartezina zena orain posible da?».

Ondorioak

Oharrean diotenez, «badakigu fabrika bat herriko sarreran izateak zer ondorio dituen, batzuetan Legasako sarrerako zubia blokeatua gelditzen baita». Bada, beraien hitzetan, proiektua eginen balitz, «egun biribilgune irekia dagoen tokian biribilgune itxi bat paratuko lukete eta horrek Bertizaranako nahiz Malerrekako irteera eta sarrerak kolapsatuko lituzke». Honela galdetu dute: «Zer eginen dugu bertako biztanleok gure egunerokoan? Osasun arazoren bat izanez gero, Doneztebeko Osasun Zentrotik irteera blokeatuz gero, zer? Eta lanera joateko?».

Belateko tunelen bikoizketak «kamioien zirkulazioa ikaragarri handituko duela» ere ohartarazi dute, «egun N-121-A errepideak duen arazoa areagotuz».

Eta akitzeko, «inpaktu bisuala» hizpide hartu dute Bertizaranako herritarrek: «Gure eskualdean anitz zaintzen da inpaktu bisuala, izan ere, etxe bat egiteko, adibidez, baldintza ugari paratzen dira: harrizkoak edo egurrezkoak izan behar dute, bi solairukoak, teilatu gorriak, lur eremu zabala behar dute… Baina gero horrelako munstrokeria egiteko ez dute inolako trabarik paratzen».

Halako proiektu batek «onura norendako» sortuko duen ere galdetu dute: «Lanpostu gutti sortuko dira, bisualki eragin izugarria izanen du, kutsadura, zikinkeria eta zarata jasan beharko ditugu, eta batez ere, arazo handia sortuko du gure egunerokoan».

Egoera ikusita, Bertizaranako Udalari begira jarri dira herritarrak. Argi utzi nahi izan diote «herriak ez duela makroproiektu hori nahi», eta hala, udalari «proiektua alde batera uzteko bere esku dagoen guzia egiteko» exijitu diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun