Eguerdi aitzinetik egina zuten hitzordua Merkatuko Plazaren goitiko aldean paratutako karpan, eta enpresako kideak, haien senitartekoak eta langileak bertan zirela, jende aunitz hurbildu zen. Hasteko, herri kirol ikuskizuna egin zuten. Arpanean, alde batetik, Irune Biurrun eta Eider Urrutia arraioztarra, eta bertzetik, Naiara Manzano eta Saioa Etxegarai aranztarrak aritu ziren. Xabi Urrutia eta Dani Saldias arraioztarrek, berriz, zutik arpanarekin erakustaldia egin zuten.
Aizkoran, Iker Vicente eta Hodei Ezpeleta Bihurri, Julen Alberdi Txikia IV.aren eta Mikel Larrañagaren kontra aritu ziren, eta Nerea Arrutik ere bere erakustaldia egin zuen aizkoran, baita Estefi Etxebeste Iturengo harri altxatzaileak ere.
Herri kirol saioaren ondotik, jatekoa banatu zuten karpan bertan, eta ondotik, bazkaria egitekoa zuten langileekin eta gonbidatuekin. Arratsaldean, pilota partiden txanda izan zen. Lehenbiziko partidan, Aldaregia eta Mujika, Iturriagaren eta Agirreren kontra aritu ziren. Eta jaialdia borobiltzeko, Altuna eta Martija, Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra.