Otsailaren 20an hasi zuten Lekarozko Lozy's Pharmaceuticals enpresako langileek lanuztea, baldintza propioak lortzeko, «estatuko kimiketako hitzarmen txarretik abiatuta». 112 greba egunen eta hainbat mobilizazioren ondotik, greba utzi dutela adierazi du ELA sindikatuak.
Lantaldea osatzen duten 80 langileen baldintzak hobetzeko akordioa sinatu du sindikatuak: «lanaldiaren 24 orduko murrizketa, KPItik goitiko igoerak, antzinatasunaren eta aldi baterako ezintasunaren osagarriaren hobekuntzak eta inaplikazio klausula». ELAk akordioaren balorazio positiboa egin du eta «langileek erakutsitako indarra eta elkartasuna» nabarmendu du; «mobilizazioak ezinbertzekoak izan dira hitzarmen propioa lortzeko».