Apirileko azken asteburuko kirol jardunaldi garrantzitsua dator

Ttipi-Ttapa api 26, 08:00

Errekaren lauko finalaz eta BRT Menditarrak taldearen txapeldunen lehen kanporaketaz gain, futbol taldeek ere beraien helburuak betetzeko partida garrantzitsuak izanen dituzte

Apirileko azken asteburua garrantzitsua izanen da eskualdeko kirol talde aunitzentzat. Eskubaloian Errekako gizonezkoek Lekunberrin jokatuko duten lauko finala eta errugbian, BRT Menditarrak taldeak Lekarozen jokatuko duen txapeldunen play-offeko lehenbiziko kanporaketako joanekoak izanen dira partidarik garrantzitsuenak. Futbolean, Gure Txokoak Gipuzkoako gorengoen mailara igotzeko borrokan partida garrantzitsua izanen du igandean Beran eta Beti Gazteko gizonezkoek maila mantentzeko lehian segitzeko larunbatean Lesakan. Gizonezkoen bertze futbol taldeek etxetik kanpo jokatuko dute eta Beti Gazteko emakumeek etxean igandean. Sarako Izarrako emakumeek ere Animainean jokatuko dute larunbat arratsaldean.

Pediatria zerbitzua eskatzeko argazki erraldoia aterako dute larunbatean Leitzan

Ttipi-Ttapa api 25, 19:00

Leitzaldeko gurasoek mobilizazioekin segitzen dute eta hurrengo hitzordua larunbaterako egina dute. Argazki erraldoia aterako dute 11:00etan Leitzako plazan. Orain arte egindako eskakizunen aurrean «erantzunik ez» dutela jaso eta «ikusezinak» ote diren salatu nahi dute. Horregatik, argazkia ateratzeko garaian maskara txuriak janzteko eskatu diete herritarrei. Leitzako erraldoi eta buruhaundien konpartsako kideek ere parte hartuko dute argazkian: «ea oraingoan erraldoi eta guzti Iruñetik ikusten gaituzten».