Oporrak bakean egitasmoa antolatu du aurten ere Saharaztanek, Baztan-Bidasoko Saharar Herriaren Aldeko Elkartasun Taldea, eta udan haur sahararrak etxean hartzera animatu nahi dituzte Baztan-Bidasoko familiak. Interesatuek maiatzaren 12a baino lehen jakinarazi behar dute. Harrerari buruzko edozein zalantza argitzeko, bi solasaldi antolatu dituzte heldu den astean: apirilaren 24an, asteazkenean, Doneztebeko Herrigunean eta apirilaren 26an, ortziralean Lesakako Erabilera anitzeko aretoan, biak 18:00etan. Joan nahi dutenei lehenagotik abisatzeko eskatu diete, saharaztan@hotmail.com helbidearen bidez. Bideoa ere argitara eman du Saharaztan elkarteak.
Oporrak bakean egitasmoaren helburua garbia da: 9 eta 12 urte arteko haur horiek gudatik eta udan izaten dituzten tenperatura beroetatik (60 gradu bitartekoak) atera. Gainera, elikadura egokia eta osasun arreta eskaintzen zaie. Joan den udan, uztailean eta abuztuan Saharako 74 haur etorri ziren Nafarroara.