Zentral eolikoak eskualdean

Zelena Renovable enpresak aurkeztu dituen hasierako dokumentuen inguruan ekarpenak egiteko deia egin diete udalek herritarrei

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 25a, 09:30

Jose Maria Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariarekin eta Ana Bretaña Ingurumen zuzendari nagusiarekin bildu dira aste honetan eskualdeko udal ordezkariak. Horren ondotik, Azkua eta Irakurri proiektu eolikoen inguruan zabaldu den ekarpenak egiteko deialdian parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Ekarpen horiek hamabortz egun baino lehen egin beharko dira.

Eskualdeko alkateek hala eskatuta, Malerrekako, Etxalarko, Igantziko eta Arantzako udal ordezkariak Jose Maria Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria eta Ana Bretaña Ingurumeneko zuzendari nagusiarekin bildu ziren astearte goizean.

Horren ondotik oharra zabaldu dute, «Zelena Renovable enpresak proiekturik ez duela aurkeztu» erranez eta aurkeztu duena «aldez aurreko kontsultetarako hasierako dokumentua» dela oroitaraziz. Gaineratu dutenez, «udal bakoitzak ekarpenen dokumentu bat eginen du, tokiko erakunde bakoitzaren jarrera eta horrelako instalazioetan ikusten diren arazoak justifikatzeko». Bide beretik, herritarrei parte hartzeko deia egin diete: «Herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu, ekarpenak eginez, Ingurumen Departamentura ahalik eta ekarpen gehien ailega daitezen». Ekarpen horiek 15 egun baino lehen egin behar dira eta helbide honetara bidali: evaluacion.ambiental@navarra.es.

Xehetasunei buruzko dokumentuak hemen daude eskuragarri: Azkuarena hemen eta Irakurrirena hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun