Zentral eolikoak eskualdean

Zelena enpresak Azkua eta Irakurri proiektuen hasierako txostena aurkeztu du Ingurumen Departamentuan

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 23a, 16:45

Udal ordezkariek proiektuen gaineko kezka helarazi diote Aierdi kontseilariari eta Ana BretaƱa, Ingurumeneko zuzendariari.

Hasierako txosten horren arabera, Azkua proiektuaren barrenean 12 aerosorgailu eta Irakurrin bertze 11 aerosorgailu gehiago eraiki nahi dituzte

Zelena Renovable enpresak aurkeztu duena hasierako txostena da –ez proiektua–, eta horren bidez, Ingurumen Inpaktuaren Azterketen irismena zehazteko eskatu dio Ingurumen Departamentuari, hau da, ingurumen aldetik Azkua eta Irakurri proiektuek izanen luketen eragina zenbaterainokoa izanen litzatekeen zehazteko.

Atariko fase honetan, «balizko eraginak xehetasunez aztertu beharko ditu» Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak. Dokumentu horretan oinarrituta, Zelenak dagokion Ingurumen Eraginaren Azterketa egin edo ez erabaki beharko du.

Jose Maria Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria eta Ana Bretaña Ingurumeneko zuzendari nagusia Doneztebeko, Sunbillako, Iturengo, Zubietako, Beintza-Labaiengo, Eratsungo, Ezkurrako, Oizko, Saldiasko, Etxalarko, Igantziko eta Arantzako udal ordezkariekin bildu da gaur goizean, alkateek hala eskatuta. Momentuko egoera zein den jakinarazi du kontseilariak, eta eskualdeko udal ordezkariek, Azkua eta Irakurri proiektuek «ingurumenean izanen lituzketen kalte larriekin» kezkatuak daudela jakinarazi diote.

Konexio gatazka

Irakurri eta Azkua makroproiektuak egin nahi dituen Zelena enpresaren eta enpresa banatzailearen (Iberdrola) artean sortutako konexio gatazka ebatzi eta bi aste eskasera etorri da berria. Proiektuek aitzinera egitekotan, egin beharko liratekeen inbertsioek sortu zuten gatazka. Zelena enpresak Iberdrolarena den Doneztebeko azpiestazioa erabiltzea proposatu zuen, baina Iberdrolak erantzun zion ez zuela sarbide horretarako gaitasunik eta azpiestazio berria eraiki beharko lukeela. Gisa berean, Iberdrolak inbertsio horiek ez lituzkeela bere gain hartuko jakinarazi zuen. Horrekin ados ez, eta Zelena enpresak helegitea aurkeztu zuen. Helegite hori MLBN edo CNMC (Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala) batzordeak ebatzi zuen eta ebazpen hori Iberdrolaren aldekoa izan zen. Alegia, Zelenaren gain geldituko lirateke azpiegituren inbertsioak guztiak, tartean, zazpi bat milioi euro kostako litzatekeen azpiestazio berria egitea. Uxue Itoiz Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoen Zuzendari Nagusiak ere Zelenaren eskaera –azpiestazioa Iberdrolaren kontura izateko eskaera– ez onartzea ebatzi zuen.

«Eragina xehetasunez»

Baina enpresak ate joka segitzen du, eta hasierako txostena aurkeztu du Ingurumen Departamentuan. Ingurumen Departamentuak «balizko eraginak xehetasunez» aztertu beharko direla jakinarazi du, tartean, «Bidasoa ibaiko Kontserbazio Bereziko Eremua eta hegaztiak, bertan bizi den eta ugaltzen den fauna, ibilbide atlantikoan migraziorako pasabide garrantzitsua dela eta Pirinioen eta Kantauriko mendikatearen artean harrapari handien lotura ekologikoko eremua dela kontuan hartuz». Biodibertsitateari ere erreparatuko dio, «bereziki florari: habitatak, arbola eremu handiak...». Horrez gain, «lurzoruaren erabilera tradizionalekin, hau da, oihangintzarekin, ehizarekin edo kulturarekin bateragarria dela bermatu beharko da». Aurreikusitako proiektuak Natura 2000 Sarearen barrenean ez badaude ere, «sare hori ebaluatu eta aztertu» behar dela adierazi du gobernuak, «erreferentziatzat 10 eta 50 kilometro arteko distantziak hartuta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun