Zelena Renovables enpresak bi makroproiektu eoliko egin nahi ditu eskualdean: Irakurri (Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaiengo lurretan) eta Azkua (Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Arantzako lurretan). Proiektu horiekin konexio gatazka bat sortu da Zelena enpresaren eta enpresa banatzailearen (Iberdrola) artean eta horren erantzunaren esperoan egon da orain arte Zelena.
Gatazka horren oinarrian proiektuak aitzinera egitekotan, egin beharko liratekeen inbertsioak daude. Zelena enpresak Iberdrolarena den Doneztebeko azpiestazioa erabiltzea proposatu zuen, baina Iberdrolak erantzun zion ez zuela sarbide horretarako gaitasunik eta azpiestazio berria eraikitzea proposatu zuen. Gisa berean, Iberdrolak inbertsio horiek ez lituzkeela bere gain hartuko jakinarazi zuen. Eta horrekin ados ez, eta Zelena enpresak helegitea aurkeztu zuen. Helegite hori MLBN edo CNMC (Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala) batzordeak ebatzi behar izan du eta TTIPI-TTAPAk jakin duenez, ebazpen hori Iberdrolaren aldekoa izan da. Alegia, Zelenaren gain geldituko lirateke azpiegituren inbertsioak guztiak, tartean, zazpi bat milioi euro kostako litzatekeen azpiestazio berria egitea.
MLBN batzordearen erabakia hori izan dela baieztatu dio Mikel Irujo Amezaga Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak TTIPI-TTAPAri eta berriz berretsi du «Zelenaren egitasmoa ez dela bideragarria eta proiektu horiek ez ditugula egingarriak ikusten». Gehiago ere bai: Uxue Itoiz Mariñelarena buru duen Energiako, Enpresen I+G+b-ko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak ere Zelenaren eskaera –azpiestazioa Iberdrolaren kontura izateko eskaera– ez onartzea ebatzi du. MLBNren txostenean oinarrituta hartu du erabaki hori.