Maitane MARIEZKURRENA

«Argi dago herrian pediatra behar dugula»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 20a, 10:00

Maitane MARIEZKURRENA ZIGANDA, Leitza

Urte hasieratik pediatrarik gabe daude Leitzaldeko 595 haurrak, eta horrek sortzen dien hutsunea agerian utzi du Maitane Mariezkurrena Ziganda leitzarrak. «Iruñeko larrialdi zerbitzuetara jo behar dugu pediatrak artatzeko, eta ez diete jarraipenik egiten, txanda aldiro mediku ezberdinak baitira».

«Osasun etxean arta daitezkeen helduon gaixotasunak edo beharrak aseak» daudela kontatu du Maitane Mariezkurrena Ziganda leitzarrak, Leitzako osasun profesionalen lana «azkarra» dela, nahiz eta «covid garaitik telefono deietara asko jotzen den. Batzuetan gure erosotasunerako izan badaiteke ere, beste batzuetan aurrez aurre ikusi beharrekoak dira».

Leitzaldean duten gabezia nagusia, ordea, pediatrarekin dute: «Pediatra falta dugu», eta horren aurrean eman dieten soluzioa ez zaie nahikoa iruditzen: «Haurrak gaixotzen direnean Iruñeko larrialdi zerbitzuetara jo behar dugu pediatrak artatzeko, eta ez diete jarraipenik egiten, txanda aldiro mediku ezberdinak dira». Horri lotuta, azaroan jaio zitzaion alabarekin gertatutakoa ekarri du gogora: «Aurreneko bi asteetako azterketan pediatrak ikusi bazuen ere, lau hilabete pasatu dira berriz pediatrak ikusi duen arte, baina horretarako, Iruñera jo behar izan dugu azterketa egitera, Leitzako Osasun Zentroan pediatra falta delako». Argi dio: «Herrian pediatra behar dugu».

Bereziki pediatraren beharra azpimarratu nahi izan du Mariezkurrenak, baina horrekin batera, «familia medikuei gainkarga arintzeko» eskatu du. Eta gisa berean, «espezialisten jarraipena luze» joaten dela ere salatu du: «Behar baino epe luzeagoan artatzen dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun