Mapan ikus daitekeen bezala, Errusiaren zati handi bat Europan dago. 4 milioi km karratutako azalera du. Europa osoarena 10 milioiko denez, Errusiaren lur hau Europaren %40 da, erditsua. Hain handia izanik, nola liteke guretzat hain ezezaguna izatea?
Egin dezagun memoria ariketatxo bat gogoratuz zenbat aldiz ikusi ditugun Moskuko kaleak telebistan, zenbat film errusiar zine aretoetan, zenbat aldiz Errusiako hauteskundeen inguruko hausnarketak, zenbat talde folkloriko gure antzokietan, zenbat erreportaje idazle, margolari eta eskultore errusiarren lanak erakutsiz, zenbat dokumental hango monumentu ederrak ezagutaraziz... Herritar gehienok ez dakigu deus errusiarren bizimoduaz eta kulturaz. Ilargia hobeki ezagutzen dugula esanen nuke. Eta ezagutzen ez dugunarekin ezin dugu enpatizatu, ezezaguna ezin dugu maitatu.
Baina gauza batzuk oso ongi dakizkigu. Adibidez, II. Mundu Gerra Errusiari esker irabazi zela. Errusiarrak iritsi ziren lehenik Berlinera eta beraiek izan ziren Hitlerren azken defentsak hautsi zituztenak. 27 milioi errusiarrek eman zuten bizia garaipena lortzeko, bere populazioaren %14. Ariora, 340.000 euskal herritar. Eta II. Mundu Gerra amaitzeko ez zuten bonba atomikorik bota, errusiarrek beren odola eskaini ziguten. Ez al gaude zorretan berekin?
Bada ongi dakigun beste gauza bat ere. Duela bi urte arte, Europak petrolioa eta gasa Errusiari erosten zion. Honek ahalbidetu zuen Europaren inguru hauetan gehienok bizi-maila txukuna izatea. Zigorrak ezarri eta gero zer dugu? Bizi-maila jaitsi egin zaigu eta lehen lagundu egiten zigun Errusia orain urrunago. Azken hamarkadetan Errusiak interes handia izan du Europako gainerako estatuekin harreman onak izateko. Guda arriskuak saihesteko NATOn sarrera eskatzera iritsi zen. Baina behin eta berriz ukatu diogu lankidetzarako aukera. Zergatik? Hori da egunen batean Europako Batasunako agintariek argitu beharko digutena, errusiarrak gu bezain europarrak baitira.