Euskararen barne erabilera indartzeko ekimena egin dute Leitzako Osasun Etxean

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 22a, 19:00
Leitzako Osasun Etxeko langileak: medikuak, erizainak eta harrerako langileak.

Langileen artean euskararen erabilera indartzeko lanketa berezia egin dute Leitzako Osasun Etxean. Nafarroako Osasun Departamentuak duen Hizkuntza Planaren bidez, Euskarabidearekin eta Elhuyar Aholkularitzarekin batera, erakundean euskara normalizatzeko aurrerapausoak eman nahi dituzte. Herritarrek euskarazko arreta jasotzeko beharrezko neurriak hartzea, herritarrei ele biko informazio idatzia eskaintzea eta errotulazioa eta hizkuntza-paisaiako informazio-elementuak ele bitan izatea herritarrak artatzeko gune fisikoetan.

Marko orokor horretatik abiatuta, 2018an, eremu euskalduneko osasun-etxeetan euskararen egoera zein zen jaso zen eta hainbat lan bideratu dira orain arte. Planaren inpaktua handitzeko, osasun-langileekin harreman zuzenagoa izateko eta herritarren arretan eragin handiagoa izateko, hainbat Proba Pilotu jarri ditu Departamentuak martxan, tartean, Leitzako Osasun Etxekoa.

2023ko abenduan hasi eta 2024ko martxora bitartean, hamar bat lagunek parte hartu dute egitasmoan (medikuak, erizainak, harreragileak…)

Hasieratik helburua oso argi  izan dute: barruko barne-harremanetan eragitea, euskararen erabilera indartzeko eta euskara lan-hizkuntza izateko.

Dinamikari hasiera emateko, osasun etxeko zuzendaritzarekin eta langileekin hizkuntzen kudeaketa eta jarraipenari buruzko saioa egin zuten. Ondoren, Mintzasarea proiektua jarri zuten martxan. Mintzasarea langileen arteko euskararen erabilera handitzeko ariketa da. Borondatezkoa da eta bertan parte hartzeko baldintza da euskarazko gutxieneko ulermena izatea. Talde-ikuspegia duen ariketa da; izan ere, Mintzasarean parte-hartu duten 10 bat profesionalekin taldetxoa sortu eta euren arteko harremanetan euskara zenbat erabiltzen den jaso dute. Euskararen erabilera handitzeko eusleak identifikatu dituzte, euskarari eusten dioten pertsonak. Azkenik, partaide bakoitzak 2-3 konpromiso zehaztu ditu, hurrengo asteetan euskaraz gehiago zein lankiderekin egin duen jasotzeko.

«Oso baliagarria iruditu zaie ohiturak aldatzeko eta norberak egiten duen euskararen erabileraz jabetzeko»

Guztira, aurrez aurreko hiru saiok osatu dute ariketa sozial hau. Parte-hartzaileek oso ondo baloratu dute Mintzasarea, besteak beste, baliagarri iruditu zaielako ohiturak aldatzeko eta norberak egiten duen euskararen erabileraz jabetzeko. Dinamika hasi baino lehen, euskaldunen arteko euskararen erabilera (euskaraz eta batez ere euskaraz hitz egiten zutenen kopurua) %64 koa zen. Azken fasean, ordea, %86an gelditu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun