Beratarrak Larhunen
Berako Agerra Mendi Taldeak antolatuta beratarrak Larhunera igoko dira larunbatean. Bi irteera antolatu dituzte, Altzateko plazatik aterako den ibilbide luzea, eta Landagainetatik aterako den motza. Bide luzea osatu nahi dutenak 08:30ean aterako dira Altzateko plazatik, eta 12 kilometroko bidea osatuko dute. Motza egin nahi dutenek, aldiz, 10:00etan paratu dute hitzordua Landagainetan, eta 8 kilometro eginen dituzte.
11:30ean paratu dute hitzordua Larhungo kaskoan eta Nafarroako bandera eta ikurrina eramateko deialdia egin dute. Agerra Mendi Taldearekin batera herriko Barraskilo Gazte Taldeak eta Larun Mendi Taldeak ere hartuko dute parte ekimenean.
Doneztebarrak eta sunbildarrak Mendaurrera
Malerrekako mendizaleek ere hartuko dute parte ekimenean, eta Mendaurko tontorra aukera dute. Doneztebeko Erreka Mendi Taldekoek 07:30ean paratu dute hitzordua Mendaurrera igotzeko. Sunbildarrak, aldiz, 07:00etan gelditu dira herriko plazan . Tontorrean 10:00etan elkartu eta denak elkarrekin aterako dute argazkia.
Etxalartarrak Alkurruntzera
Altxata Etxalarko Kultur eta Kirol Elkarteak ere bat egin du ekimenarekin, eta Alkurruntzera joanen dira larunbatean. 08:00etan paratu dute hitzordua herri sarrerako aparkalekuan, eta 14:00etan itzuliko dira.
Lesakarrak Bianditzera
Lesakako Beti Gazteko mendizaleak Bianditzera joanen dira larunbatean. 07:30ean elkartuko dira Plaza Zaharrean itzulia hasteko. Bianditzen argazkia atera ondotik, gosaria eginen dute Gaztin bordan. Beti Gaztek jakinarazi du ez dela bidean gertatzen ahal diren istripuen erantzule eginen.
Leitzarrak Urepelera
Leitzako Mendibil Mendi Taldeak ere bat egin du ekimenarekin. Igandean, hilaren 28an Urepelgo tontorrera igoko dira. Ixkibarko aparkalekutik abiatuko dira 08:30ean eta 11:00etan argazkia aterako dute Urepeleko kaskoan.