Hilabete bakoitzean bisitatuenak izan ziren bi albisteak.
Ilbeltza
1. Axun Elizaldek eta Xegonek ETB1eko 'Baserria' saioan parte hartuko dute
Joan den urte hasieran estreinatu zuten ETB1eko Baserria saioa eta eskualdeko bi baserritarrek parte hartu zuten: Xegone zigatarrak eta Axun Elizalde etxalartarrak. Horren berri eman zuen TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUSen eta bisitarien artean interesa piztu zuen.
2. Aitor Bazterrika izanen da Elizondoko alkate datozen bi urteetan
2021eko ilbeltzaren 16an hartu zuen Aitor Bazterrikak kargua, eta berarekin batera, kargodunek: Imanol Arretxea, Ane Ballarena, Aitor Jaén, Itxaso Iriarte, Jaime Fagoaga, Tomás Garmendia, Antton Mugika eta Hasier Azurmendi. Hilabete hartako bigarren albisterik leituena izan zen.
Otsaila
Oihartzun handia izan zuen Bidasoaldean otsailaren 20an eta 21ean piztu zen suteak. 1.800 bat hektarea erre zituen. Sute haren harira egindako albisteek ere segida handia izan zuten ERRAN.EUSen. Horien artean, hainbertze abere kiskalita edota erredura larriekin noraezean zebiltzala erakusten zuen bideo gogor hau izan zen hilabeteko ikusiena.
Foruzainen arabera, Covid-aren aurkako neurriak ez betetzeagatik salaketak eta atxiloketak izan ziren Lesakan eta Donezteben otsaileko bigarren asteburuan. Hura izan zen otsaileko bigarren albisterik leituena.
Martxoa
1. Auto bat zealdoka N-121-A errepidean
Beratik Irunerako bidean, kontrako erreian sartua, errepidetik kanpo... Eskapada ederrak egin zituen martxoaren 28an bideoan ageri den auto gorriak. Martxoko albisterik bisitatuena izan zen.
2. Beran desagertutako pertsona onik erreskatatu dute
Bezperan desagertutako gaztea biharamunean aurkitu zuen suhiltzaileen erreskate teknikoko taldeak, zorionez, onik.
Apirila
Foruzainen arabera, 02:10 aldera, ostatu bat hustu behar izan zuten Beran. Barnean bederatzi lagun zeuden edari alkoholdunak kontsumitzen, horien artean bi adingabeak. Azkenean 18 salaketa paratu zituzten.
2. Aroztegiko proiektuaren bideoa
TTIPI-TTAPAk martxoan publikatu zuen Aroztegia eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak elkarlanean Aroztegiko proiektua azaltzeko egindako bideoa, eta martxoan ez ezik, apirilean ere arrakasta handia izan zuen.
Maiatza
1. Jendetza Aroztegiko makroproiektua gelditzea eskatzeko manifestazioan
Lekarozko Aroztegiko proiektuaren inguruko berriek ere segida zabala izan dute ERRAN.EUSen. Maiatzaren 15ean, erraterako, Elizondotik Lekarozera manifestazioa jendetsua egin zuten, antolatzaileen erranetan, 2.500 lagun bildu baitziren. Manifestazioa ez ezik, orduko irudiekin osatutako berriak bisita andana izan zituen.
2. Atxilotu dute hildako txirrindulariaren istripua eragin zuen gidaria
Auto batek harrapatuta txirrindulari bat hil zen maiatzaren 30ean Otsondoko errepidean. Handik ordu batzuetara atxilotu zuten.
Ekaina
Hainbat aste eta hilabetetako prestaketaren ondotik, Iraitz Uriarte eta Iker Gomez leitzarrek ekainaren 25ean eman zioten LHLko kirol erronkari hasiera. 150 kilometro inguru eta 6.000 metroko desnibela duen ibilbidea eginez, Linza-Hiru Erregeen Mahaia-Leitza ibilbidea osatu zuten. Erronkaren harira, «brutala» izan zen leitzarren ahotan gehien zabaldu zen hitza. Erronka haren jarraipena egin zuen TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUSen eta ekaineko albisterik ikusiena izan zen.
Asteburuetan Lesakan izandako kalte materialen kontra agerraldia egin zuten ekainaren 18an Lesakako Udalak eta hainbat eragilek. «Beraien herrietan baimenduta ez dagoena egitera Lesakara ez etortzeko» eskatu zuten.
Uztaila
1. Baheketa Bortzirietako 14 eta 29 urte bitarteko gazteei
Lesakako sanferminen ondotik gazteen artean Bortzirietan agertu ziren positibo kasuen gorakadaren ondotik, 14 eta 29 urte bitarteko gazteei baheketa egitea erabaki zuten. Berri hura izan zen uztaileko ikusiena. Baheketa hartako argazkiek ere jendearen interesa piztu zuten.
2. Bizilagunek deituta foruzainak Lesakan
Uztailaren 10eko arratsean, karrikan musika altuarekin zarata eginez eta iskanbiletan zebiltzala eta, bizilagunek deituta, foruzainak ibili ziren Lesakan.
Abuztua
1. Lesakar baten irainei bertsotan erantzun die Felix Zubiak
«Lesakan bada gizon handi bat bertsotan aritzen dena, pandemiaren gorabeherekin txakurra deitu nauena». Halaxe adierazi zuen bertsotan Donostia Ospitaleko larrialdietako burua den Felix Zubiak. Abuztuko albisterik ikusiena izan zen.
2. Xabier Silveirak Felix Zubiaren bertsoei erantzun die
Felix Zubiaren bertsoek bezala, Xabier Silveiraren erantzunak ere segida zabala izan zuen. Silveirak «Ni naiz txakurra deitu zizuna» bertso sortarekin erantzun zion.
Iraila
1. Igantziko harrobian langile bat hil da
Lan istripu larria gertatu zen irailaren 8an Igantziko harrobian. Itxura denez, materiala deskargatzen ari zen kamioi bat irauli eta kamioi gidaria bertan hil zen.
2. Bi pertsona larriki zaurituak Mugairin bi autoren artean gertatutako istripuan
Mugairin, N-121-A errepidera eramaten duen sarbidean, bi autok elkarren kontra zuten irailaren 27an, eta kolpearen ondorioz, bi lagun larri zaurituta eraman zituzten ospitalera.
Urria
1. Kontxako gasolindegiko istripuaren bideoa
Urriaren 13an, auto batek kamioi baten kontra jo zuen Doneztebeko Kontxa gasolindegian. Itxura denez, ondoezik zegoen gidaria babes bila sartu zen gasolindegira eta kamioiaren kontra jo zuen. Istripuaren momentuko bideoa izan zen urriko albisterik ikusiena.
2. Josu Apezetxea xare jokalaria zendu da
Urriaren 26an zendu zen Josu Apezetxea xare jokalari ezaguna gaixotasun baten ondorioz. Goizuetarra Espainiako selekzioarekin nazioarteko pilotaria izan zen Mexikoko 2014ko Munduko Txapelketan, eta Iruñean 2012an egindako trinketeko Munduko Kopan parte hartu zuen. Behin baino gehiagotan irabazi zituen Nafarroako txapelketak, azkena 2020an.
Azaroa
1. Beran Zia errekan uraren mailak goiti
Abenduko euriteen atarian, azaro hondarrean ere izan ziren abisuak. Beran, erraterako, larrialdi maila aktibatu behar izan zuten Zia errekan uraren mailak goiti egin zuelako.
Azaroaren 27an sartu zen indarrean Covid pasaportea, Auzitegi Nagusiak horretarako baimena eman ondotik.
Abendua
1. Arantzako errepidea moztuta zulo handi baten ondorioz
Aitzineko egunetako euriteen ondorioz, abenduaren 11ko goizean, Hiri Hondakinen Mankomunitateko ibilgailua bertatik pasatzen ari zen momentuan, zulo handi bat sortu zen Arantzako sarbidean. Errepidea itxi egin behar izan zuten. Ehunka bisita izan zituen albiste hark.
2. Emakume bat hil da Sunbillan lur-jauzi batek azpian harrapatuta
Abenduko euriteen ondoriorik lazgarriena izan zen, Bidasotik erreskatatu behar izan zuten elizondoarraren ezbeharrarekin batera. Sunbillako kasuan Galtzada baserriaren ondoko mendia erori eta estalpean autoaren barrenean harrapatuta zendu zen emakumea. Elizondoarraren kasuan, berriz, Lesakara lanera zihoala desagertu zen eta Bidasoa ibaian, Bereautik hurbil, topatu zituzten bere gorpua eta furgoneta.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!