Felix ZUBIA

«Lesakan bada gizon handi bat bertsotan aritzen dena, pandemiaren gorabeherekin txakurra deitu nauena»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 11a, 18:00

Donostia Ospitaleko larrialdietako burua da Felix Zubia. Berriki irainak jasan ditu COVID-19ari buruzko irizpideekin eta ikuspegiekin bat egiten ez zuen jendearen aldetik. Bertso sortan lesakar bat aipatzen du: «Lesakan bada gizon handi bat, bertsotan aritzen dena, pandemiaren gorabeherekin 'Txakurra' deitu nauena», hasten da bertsoa. Berari zuzendu dizkio Bertsolari aldizkarian argitaratutako bertsoak.

«Txakurra» deitu zion lesakar bati bertso idatzien sorta batekin erantzun dio Felix Zubiak Bertsolari aldizkariaren bitartez, Donostia Ospitaleko larrialdietako buruak.

Felix Zubia medikuak Euskadi Irratiko Osasun etxea saioan ematen dituen azalpenengatik eta Berria egunkarian Koronabirusa, Osasuna pentsaldian iritzi atalean idazten dituen artikuluengatik estimatua da jendartean. Alabaina, COVID-19ari buruzko irizpideekin eta ikuspegiekin bat egiten ez zuen jendearen partetik, eta haietako bati erantzun dio Zubiak, Bertsolari aldizkarian argitaratu duen zortzi bertsoko sorta batekin.

  • Lesakan bada gizon handi bat,
  • bertsotan aritzen dena,
  • pandemiaren gorabeherekin
  • txakurra deitu nauena.
  • Ederki dakit zer den okerra
  • eta zer dugun zuzena,
  • Zer dela eta jarri didate
  • modu hortako izena?

 

  • Hil zaizkigunak lau milioi pasa
  • zenbatu dira munduan,
  • Euskal Herrian ia sei mila
  • begiratu inguruan.
  • Gauza bat daukat oraindik ere
  • ezin sartuta buruan,
  • zer dela eta ukatzen duten
  • izan ez balitz moduan?

 

  • Zazpiehun kasu baino gehiago
  • neure begiz ikusiak,
  • heriotzaren bidez lezio
  • asko gara ikasiak.
  • Batzuk saihestu nahi nituzke nik,
  • aholkuz adieraziak.
  • Zer dela eta jasotzen ditut
  • holako hitz itsusiak?
  •  
  • Zenbaitek, baina, gertatuari
  • egiten diote uko,
  • konspirazio baten azpian
  • gaituztela zapalduko.
  • Ideia latz bat bururatzen zait
  • horiek entzun orduko,
  • bost mila aldiz ukatu arren
  • ez dela desagertuko.

 

  • Ez dakit zeinek asmatutako
  • gezur bat omen da dena,
  • txertoak berriz erdi-pozoia
  • guztia galtzen duena.
  • Dudarik bada, ospitalera
  • etor dadila hurrena,
  • ikusi nahi ez duen hura
  • da itsurik handiena.

 

  • Negazionista batzuek ere
  • pneumoniaren harira,
  • ospitalera iritsi dira
  • eta nahiko tira-bira.
  • Hasieran harro xamarrak baina,
  • egia hutsa hori da,
  • arnasa falta zaien unean
  • ederki umiltzen dira.

 

  • Makina saltsa izan ditugu
  • Covid-aren inguruan,
  • hautatu dugun bizimoduak
  • jarri gaitu apuruan.
  • Ekonomian, garraioetan
  • eta zaintzeko moduan, 
  • zoritxarrean zertan pentsatu 
  • asko daukagu munduan. 
  •  
  • Nabaria da gauza guztiak 
  • ez direla ondo egin, 
  • agintariek, kazetariek, 
  • eta medikuok berdin. 
  • Gertatu dena onartuz eta 
  • errepikatu ez dadin, 
  • burua martxan ipini eta 
  • errespetuan hitz egin (bis).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun