Axun Elizaldek eta Xegonek ETB1eko 'Baserria' saioan parte hartuko dute

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 10a, 09:00

Gaur 22:00etan EITB1eko Baserria saioa estreinatuko da eta bertan eskualdeko bi lagunek baserritar gisa parte hartuko dute: Xegone eta Axun Elizalde. Saioa Patxi Larretxea arraioztarrak eta Kristina Saralegi leitzarrak ikuskatuko dute.

Juan Felipe Saharrea, Xegone. Ziga, 53 urte.

Baserria saio ez da Xegoneren lehenbiziko esperientzia EITBko saio batean. 2011n El conquistador del fin del mundon parte hartu zuen eta publikoaren saria eskuratu zuen.

Egun, piszifaktoria batean egiten du lan. Hala ere, baso-gizona izan da 18 urte zituenetik. Baserriko eta basoko lan guztietan hagitz ongi moldatzen da.  Bere afiziorik handienak aizkora eta mendia dira. Herri kirolak eta pilota ere gustatzen zaizkio, eta bertsozalea da.

Umoretsua, saltseroa, indartsua eta bihurria da, baina baita hagitz burugogorra eta perfekzionista ere. Aginduak ematea gustatzen zaio, eta, kasu egiten ez badiote, anitz haserretzen da. Pertsona alferrak, kexatiak eta maniatikoak ez zaizkio batere gustatzen.

Axun Elizalde Ariztegi. Etxalar, 36 urte.

Etxalarko baserri batean jaio zen, baina duela 15 urte Amaiurrera bizitzera joan zen. Erizaintzako laguntzaile izateko erdi mailako modulu bat ikasi zuen. Egun, abeltzain lanetan ibiltzen da Etxalarko behitegi batean. Asteburuetan berriz, estanko batean aritzen da lanean. 

Motorzalea da; zehatzago, abiadurarekin zerikusia duen edozer gustatzen zaio. Kirola egitea ere gustuko du; patinetan eta bizikletan ibili, eta korrika egin adibidez eta dantzan ere moldatzen omen da.

Axun hagitz-hagitz mugitua, aktiboa eta urduria da. Izaera irekia du eta maitekorra da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun