Atzo Beran desagertutako pertsona onik erreskatatu dute gaur goizean

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 28a, 14:30

Suhiltzaileen erreskate teknikoko taldeak onik aurkitu du mendian atzotik desagertuta zegoen pertsona. Bilaketa lanetan parte hartu dute, Foruzaingoak, Guardia Zibilak, mendizainak eta Berako Aspaceko langileak.

Ageri denez, Berako Aspace zentroan dagoen gaztea ez zen arratsaldeko azken orduan itzuli, eta zentroko langileak haren bila hasi ziren. Aurkitu ez zutenez, Foruzaingoari deitu zioten, eta gaueko hamarrak eta erdietan hasi ziren bilatzen, zentroko langileekin batera. Gauez Berako suhiltzaile boluntarioak eta Oronozko eta Cordovillako suhiltzaileak ere aritu dira bilaketa lanetan, salbamendu-txakurren taldearekin.
 
Gaur goizean, Aspace zentroko zuzendariak gaztearekin telefonoz harremanetan jartzea lortu du. Galdetu diote ea eguzkiak ematen zion (airetik ikusteko agerian zegoen ala ez jakiteko) eta zer ikusten zuen, eta berak erantzun die joan den hilabetean suteak erretako lekuan zegoela. Helikopteroa inguru horretara joan da eta gazteari kamiseta kentzeko eta seinaleak egiteko eskatu diote. Azkenean, 10:45ak aldera aurkitu dute, onik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun