Mila gazte inguru deituko dituzte
Adin tarte horretan 2.200 gazte inguru daude Bortzirietan baina dagoeneko konfinatuak edo kontrolatuta daudenak kenduta, 1.000 gazte inguru deituak izanen dira baheketa egiteko.
Zeintzuk ez dute baheketara joan behar
Baheketatik kanpo uzteko irizpideak zehaztuta daude:
- Dagoeneko PCR proban edo antigeno proban positibo eman duten guztiak.
- Dagoeneko konfinatuta egoteko agindua duten guztiak (PCR positiboa dutenek).
- Azkeneko hiru hilabeteotan COVIDa pasatu dutenak.
- Osasun Etxean egindako antigeno testan positibo eman dutenek.
- Sintomak dituztenak. Sintomak dituela uste duenak, nahitaez Osasun Etxera joan behar du eta antigeno testa egin.
Horiek guztiek ez dute biharko baheketara joan beharrik. Alabaina, antigeno proban edo PCR proban positibo eman duen norbaiten kontaktu zuzena izan diren guztiak, horiek bai joan beharko dutela biharko baheketara, positibo batekin kontaktu hurbilean eta babesik gabe egon direlako.
PCR probak goizez eginen dituzte
Bihar goizean, ez arratsaldean, eginen dituzte PCR probak Lesakako pilotalekuan. Hala ere norbaitek koronabirusaren sintomak dituela uste badu, kasu horretan lehenbailehen Lesakako Osasun Etxean hartu behar du hitzordua eta antigeno proba egin.
Antigeno testa Osasun Zentroan egin behar da
Farmazietan edo bertze nonbait egindako antigeno test batean positibo eman duenak, baliozkotzat jotzeko, nahitaezkoa izanen du antigeno test hori osasun zentroan berriz egitea. Hortaz, ez du merezi dirua gastatzerik osasun etxetik kanpo antigeno test bat egiten.
14-15 urtekoek gurasoen edo tutoreen baimena behar dute proba egiteko
Osasun Etxeko arduradunek ohartarazi dute, legearen arabera, 14-15 urteko gazteek gurasoen edo tutoreen baimen idatzia beharko dutela baheketara joateko edo, gainerakoan, gurasoek edo tutoreek lagunduta joan beharko dutela Lesakako Pilotalekura.