Euriteak 2021.12.10

Erreskatatu dute Bidasotik desagertutako elizondoarraren gorpua

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 12a, 11:00

Ortzirale goizean Lesakara lanera zihoala desagertu zen 61 urteko elizondoarraren gorpua eta furgoneta atera dituzte Bidasotik, Bereautik hurbil. Foruzaingoa arduratzen ari da orain gertatutakoa ikertzeaz. Uholdeek Bidasoaldean eragin duten bigarren biktima da, Sunbillan luizi batek autoaren barrenean harrapatutako emakumearekin batera.
 

Suhiltzaileen Uretako Erreskate Taldeko kideek baieztatua zuten atzo arratsaldean, Lesakako zubitik hurbil urpean aurkitutako furgonetaren barnean zegoela Juan Antonio Etxegarai Bastarrika, 61 urteko elizondoarraren gorpua.
 
Gaur goizean, karga handia altxatzeko gai den garabi bat eraman dute, furgoneta errepidetik 32 metrora baitzegoen. Uretako Erreskate Taldeko suhiltzaileek eutsi diete sirgei, eta ibilgailua Bidasotik atera dute, Elizondoko bizilagunaren gorpua barnean zuela. Hilotza Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute autopsia egiteko. Foruzaingoak bere gain hartu ditu ikerketak.
 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun