Larunbat gauetako gehiegikerien kontra azaldu dira Lesakako Udala eta herriko 30 gizarte eragile baino gehiago

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 18a, 14:00
Lesakako udal ordezkariak eta hainbat gizarte eragile bildu dira Harriondoa atarian egindako agerraldian.

Hainbat kalte izan dira azken asteburuetan eta «beraien herrietan baimenduta ez dagoena egitera Lesakara ez etortzeko» eskatu dute

Azken igande hauetan Lesaka kalte material ugarirekin eta zaborrez beteta ernatzen ari da larunbat gauetan Komentu inguruan antolatutako legez kanpoko 'besten' eraginagatik: kristal hautsiak, jardinera irauliak, seinaleak botata, kultur etxeko atea behartuta eta barrenean edariak, zaborra parkean eta bankuetan, desfibriladorea kaltetua, kotxeak abiadura eta modu arriskutsuan...

Jarrera eta ekintza horiek guztiak erabat gaitzetsi dituzte agiri bat sinatu duten Lesakako gizarte, kirol eta kultur eragileek eta Lesakako Udalak. «Jarrera horiek guztiak salatu nahi ditugu eta herritarrei jarrera egokia izan dezaten eskatzen diegu», adierazi dute gaur eguerdian egindako agerraldian. Ladis Satrustegi alkatea eta, herriko eragileen izenean, Sandra Legasa eta Maider Susperregi herritarrak solastatu dira.

Lesakako bertze hainbat herritarrekin batera, Lesakako Udalak, San Fermin Jubilatu elkarteak, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak, Lesakako Euskara Batzordeak, Irain Eskola Publikoko guraso elkarteak, Beti Gazte kirol elkarteak, Lesakako Abesbatzak, Musika Bandak, Osasun etxeko langileek, Lesakako Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsak, Tantirumairu Ikastolak, Lesakako Trikitixa taldeak, Arkupe Pilota Elkarteak, Tantirumairu Dantza Taldeak, Lesakako Soinulariak taldeak, Txamukos Mariatxiak taldeak, Elutxa txarangak, Bortzirietako Gorriak Osasunako peñak eta herriko ostatu eta jatetxe gehien-gehienek (Zanzonea, Iturbena, Koxkila ostatua, Haizea kafetegia, Kasino jatetxea, Ogi berri kafetegia, Linddurrenborda sagardotegia, Iru-bide ostatua, Etxeberria ostatua, Ekaitza kafetegia, Haizegoa ostatua, Antoiu ostatua, Arrano ostatua, Zialdo Ostatua eta Telebote Ostatua) sinatu dute agiria. 

«Jendearen masifikazioa gero eta handiagoa da»

Agirian aipatu dutenez, «azken larunbat gauetan, ostatuak itxi ondotik, musikarekin kale zurruta egiteko biltzen dira hainbat pertsona Komentu inguruan, gazteak zein helduak izan ohi dira, bai lesakarrak baita kanpotik etorriak ere (batez ere Nafarroako bertze herrietatik eta Gipuzkoatik) eta jendearen masifikazioa gero eta handiagoa bihurtzen ari da».

Egoera epidemiologikoak hobera egin duen arren, «pandemia garaian bizi garela» oroitarazi dute «eta distantzia sozialaren arauak errespetatu behar ditugu; baita elkarbizitzarenak ere. Izan ere, inguruko bizilagunek lo egiteko eskubidea dute eta umeek zein helduek igande goizetan arriskurik gabe ibiltzeko eskubidea ere badute».

«Lesakar guztion artean ordaintzen ditugu kalteak»

Era berean, «asteburu hauetako kalteak garesti ateratzen ari zaizkigu, udal aurrekontuari eragiten diote eta diru hori guztion artean ordaintzen dugula» gogorarazi nahi izan dute.

Horrez gain, «bertze herrietatik 'besta' hauetara espresuki etortzen direnei» eskatu nahi diete, «mesedez, ez etortzeko Lesakara beraien herrietan baimenduta ez dagoena egitera. Lesaka herri irekia da eta gustuko dugu jendea herrian hartzea, baina horrelako jarrerak ez ditugu inondik inora onartuko. Lesaka maite badugu, errespeta dezagun. Guztion ardura da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun