Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektua azaltzen duen bideoa argitaratu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 16a, 18:00

Aroztegia eta gero zer? plataformak eta Baztango Gazte Asanbladak elkarlanean Aroztegiko proiektua azaltzen duen bideo bat plazaratu dute sare sozialetan. Bideoan Palacio de Arozteguía enpresak Lekarozen luxuzko hotela, 22 hektareako golf zelaia eta 228 etxebizitza turistiko egiteko asmoa dutela adierazten da eta bideoan diotenez, «baztandarrak egitasmo honen kontra daude». 

Jarrera honen adibide garbia dira 2009an Lekarozen egin zen batzarrean «hirutik bi herritarrek» proiektuari «ezetz» erran ziotela. 2015ean egin zen galdeketan «hamarretik bederatzi baztandarrek ezezkoa» bozkatu zuten. Eta, urte guzti hauetan, hainbat manifestazio egin dira «proiektua gelditzeko». Gainera, Baztango Udala eta Batzar nagusia ere proiektuaren kontra azaldu dira, baina, enpresak «alkatea eta alkate ohia auzipetuz» erantzun zuen.

Laburrean, bideoan hiru arrazoi nagusi ematen dira Aroztegiko proiektua gelditzeko. Lehenik, Palacio de Aroztegia enpresaren proiektua «espekulazio urbanistikoa» dela salatuko dute. Bigarrenik, «krisi sozio-ekologiko garaian egin behar ez denaren eredua» dela azalduko dute. Izan ere, proiektuak berak egiteak eta ondoren, eremu turistiko honek «aldaketa klimatikoa areagotuko du». Hirugarrenik, Palacio de Arozteguíaren proiektuak «Baztango demografia aldatuko duela». «300 biztanle dituen herri batean 750 turistentzako etxebizitzak egin nahi direla» salatu dute. Honek, Baztanen «16. herri bat sortzea» ekarriko luke, «lurralde antolaketa desorekatuz».

Azkenik «bakar batzuk aberasteko Baztan baten ordez, guk bizitzeko Baztan bat nahi dugula» aldarrikatu eta proiektua gelditzeko egiten diren ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun