Aitor Bazterrika izanen da Elizondoko alkate datozen bi urteetan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko urt. 17a, 12:30
Elizondoko alkatea eta kargodunak. Argazkia: ONDIKOL

Baztango ordenantzen arabera, bi urtetik behin Baztango 15 herrietako alkateak eta kargodunak hautatu behar izaten dira. Horretarako, abenduko hirugarren igandean batzarrak egiten dituzte herri guztietan. Hala, 15 herrietatik 11tan hautatu zituzten alkateak baina Elizondon, Arizkunen, Iruritan eta Amaiurren karguak hutsik gelditu ziren. Orain, Amaiurko eta Elizondoko alkateak hautatu ondotik, Iruritako eta Arizkungo alkateak gelditzen dira hautatu gabe.

Ordenantzetan markatutako epea gaindituta, lau herri horiek bigarren aukera bat izan zuten Errege Eguneko batzarrean, urteko kontuak ematen diren egunean. Eta Errege Egunean hautatu zuten Amaiurko alkate berria. Ixabel Alemanek kargua hartzeko borondatea agertu zuen eta batzarrean alkate izendatu zuten.

Elizondon atzo egin zuten batzarra

Egun horretatik aitzinera, Baztango Batzar Nagusiko lehendakariaren esku gelditzen da alkaterik gabe dauden herrietan alkateak hautatzeko batzarrak deitzeko ardura. Elizondon, alkate izateko Aitor Bazterrikak egindako proposamena hartu zuen Joseba Otondok eta, prozedura segituz, batzarra deitu zuen Batzar Nagusiko lehendakariak, Joseba Otondok. Batzarra Arizkunenea kultur etxeko ganbaran egin zuten larunbat eguerdian eta 25 pertsona inguru elkartu ziren.

Elizondoko alkate eta kargodun berriak

Azken urteetan Elizondoko Herria gobernatu duten alkate-kargodunen lan dinamikarekin segitzearen alde agertu zen Aitor Bazterrika. Euren alde esker oneko hitzak egin zituen: «momentu zailean sartu zineten Herriko Etxean, eta herria berpiztu ondotik, 59.000 euro utzi dituzue kutxan, inbertsio handiak egiteaz gain».

Hona hemen 8 kargodunak: Imanol Arretxea, Ane Ballarena, Aitor Jaén, Itxaso Iriarte, Jaime Fagoaga, Tomás Garmendia, Antton Mugika eta Hasier Azurmendi.

Aitor Bazterrika, Elizondoko alkate berria eta Joseba Otondo, Baztango Batzar Nagusiko lehendakaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun