2020ko albisterik ikusienak ERRAN.EUSen

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 6a, 08:00

Ezohikoa eta berezia. 2020a zerbait izan bada horixe izan da. Tarte honetan, hilabetez hilabete ERRAN.EUS atarian bisita gehien izan zuten albisteen bilduma osatu du TTIPI-TTAPAk. Covid-19ari lotutakoak dira batzuk, istripuen berriak aunitz, baina badira bertzelako kontuak ere.

Hilabete bakoitzean bisitatuenak izan ziren bi albisteak.

Ilbeltza

1. Bi pertsona hil dira Olaguen izandako talka batean
Ilbeltzaren 11n gertatu zen ezbeharra. Bortz ibilgailuk talka egin zuten Olagueko saihesbidean eta istripuan bi gazte hil ziren, igantziarra bat eta Arantza eta Lesakarekin harreman handia zuena bertzea. Kolpe gogorra izan zen eskualdearentzat.

2. Munduko ehun mural onenen artean sartu dute Leitzako Atekabeltzekoa
Kaleko artean espezializatua den Streetart360 webguneak urtero osatzen du munduko ehun mural ederrenen zerrenda. 46. postuan kokatu zuten Leitzako Atekabeltzen Murales Lianek egindakoa. 

Otsaila

1. Auto batek eta kamioi batek istripua izan dute Beran
Otsailaren 19an gertatu zen ezbeharra, Berako tunelaren Lesaka aldeko irteeran. Zorionez, ez zen ondorio larririk izan.

2. Basurde batek lesakar bat zauritu du
Itxura guztien arabera, otsailaren 13an, zaurituta zegoen basurde bat Lesakan karrikara jautsi zen. Biurgaraiko errekan ikusi zuten eta basurdeak erreka ondotik pasatzen ari zen herritar bat zauritu zuen. 

Martxoa

1. N-121-A errepideaz ariko dira astearteko 'Ur Handitan' saioan
Joan den urteko martxoaren 11ko saioan, Irun eta Iruñea elkartzen dituen N-121-A errepide beltza izan zuten hizpide ETB1eko Ur Handitan saioan. Saioaren hasierako bortz minutuak ageri ziren bideoa ERRAN.EUSen ere partekatu zuen TTIPI-TTAPAk.

2. Herrietan eta adinekoei, koronabirusaren probarekin iruzur egiteko saiakeren berri ohartarazi du Foruzaingoak
Etxera koronabirusaren proba egitera zoazela erranez, iruzur saiakerak egon zitezkeela ohartarazi zuen Foruzaingoak martxoan, batez ere herrietan eta adineko pertsonei iruzur egiteko saiakerak.

Apirila

1. «Dagoeneko onartu dut gaixotu naizela, baina inpotentzia eta amorrua barrenean ditut»
Zuriñe Goikoetxea Saizar aresoarraren hitzak dira. Erizaina lanbidez, COVID-19az kutsatutako gaixoak artatzen lanean zebilela berak ere gaixotasuna izan zuen.

2. «Gure helburua udarako pertsonak tratatzen hastea da»
Apirilean Nerea Zabaleta Lasarte Leitzako ikerlaria elkarrizketatu zuen TTIPI-TTAPAk, txerto eraginkorra sortzeko lanean, Bostonen (AEB) jo eta ke lanean ari zenean.

Maiatza

1. Gorakada handia positiboen kopuruan, batez ere Elizondoko eremuan; atzo 86 ziren, gaur 104 dira
Egun batetik bertzera %14 igo zen erregistratutako koronabirus positiboen kopurua lau osasun eremuen artean. Maiatzaren 20an, erraterako, 180 positibo zeudela zioten datu ofizialek, bezperan baino 22 gehiago. Igoerarik handiena Elizondoko eremuan izan zen.

2. Aste batean %33 igo da positiboen kopurua lau osasun eremuen artean
Baieztatutako positiboen kopurua goraka zihoaneko berria da. Maiatzaren 15ean, 83 positibo zeuden Elizondoko eremuan (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 38 Malerreka-Bertizaranan, 10 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 17 Bortzirietan.

Ekaina

1. Lesakako parke eolikoaren kontra Endara Bizirik plataforma sortu dute Auzoberriko bizilagunek
Ekain hasieran zabaldu zuen Sustrai Erakuntza Fundazioak Lesakako Auzoberri-Agiña aldean hamaika haize-errota jartzeko proiektuaren berria eta ekainaren 7an egitasmo horren kontra egiteko Auzoberriko bizilagunek Endara Bizirik plataforma sortu zuten.

2. «Bortzirietan ere positibo gehiago agertu dira Sunbillakoaren ondotik»
Ekainaren 23an argitaratu zituen TTIPI-TTAPAk Ruth Gonzalez Santo Tomas Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendariaren adierazpen horiek webgunean. «Agerraldi bete-betean gaude», azpimarratu zuen.

Uztaila

1. Lesakako kamioilari bat hil da Irungo saihesbidean izandako istripu batean
59 urteko kamioi-gidari lesakarra hil zen uztailaren 2ko goizean Irungo saihesbidean, gidatzen ari zen kamioak trailer batekin talka egin ondotik.

2. «Zazpi positibo atzeman dituzte Elizondoko osasun eremuan eta bi Doneztebekoan»
Ruth Gonzalez Santo Tomas Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendariak joan den urtean behin baino gehiagotan azaldu zion TTIPI-TTAPAri eskualdeko egoera zein zen.

Abuztua

1. Gizon batek, ustez, baserria eta furgonetan erre ditu Goizuetan
Foruzaingoak jakitera eman zuenez, Goizuetan gizon batek su eman zion bera bizi zen baserriari eta furgonetari. Arratsaldeko hirurak jotzeko minutu gutxi falta zirenean, 112 Larrialdi Zerbitzuak abisua jaso zuen baserri bat sutan zegoela erranez.

2.  Doneztebeko Titi ostatua itxi dute prebentzio neurri gisa
Abuztu erdialdera, birusa kutsatzeko arriskua saiheste aldera, Doneztebeko Titi ostatua itxi zuten.

Iraila

1. 53 urteko lesakar bat atxilotu dute droga trafikoa leporatutaForuzaingoak arabera, droga trafikoa leporatzeaz gain, foruzain bati eraso egin izana egotzi zioten. Marihuana eta anfetamina hondarrak atzeman omen zizkioten etxean.

2. Hiru pertsona zaurituak N-121-A errepidean, Igantziko eremuan, gertatu den auto istripu larrian
Istripua Etxalarko Benta eta Berrizaun artean gertatu zen, bi ibilgailuk parez pare talka egin zutenean. Istripuaren ondorioz hiru lagun zauritu ziren, horietatik bi larri.

Urria

1. Pertsona bat hil da Almandozen kamioi batek eta auto batek izandako istripuan
Ezbeharra urriaren 14an gertatu zen, N-121-A errepidean, Almandozen, Berroetako bidegurutzearen parean. 

2. «Urtetan kontrakoa sentitu izan badut ere, gerora ohartu naiz torturek markatuta utzi nautela, lur jota»
Torturatuak izan diren eskualdeko bederatzi lagunen testigantzak bildu zituen urrian TTIPI-TTAPAk. Horietako bat Xotero Etxandi Juanikotena arraioztarrarena izan zen.

Azaroa

1. Ikusi hemen Covid-19 kasuak gure lurraldeko herrietan
Duela zenbait hilabetetatik, Covid-19an positibo direnen datuak herrika ematen ditu TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUSen. Geroztik albisterik ikusienetariko bat da.

2. Saldiasen uso-postu batetik erori eta helikopteroz eraman dute ehiztari bat
Saldiasko uso-postu batean gertatu zen ezbeharra azaroaren 11n. 37 urteko ehiztari bat 10 metroko altueratik erori eta konorterik gabe gelditu zen. 

Abendua

1. Ikusi hemen Covid-19 kasuak gure lurraldeko herrietan
Duela zenbait hilabetetatik, Covid-19an positibo direnen datuak herrika ematen ditu TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUSen. Geroztik albisterik ikusienetariko bat da.

2. Deskargatu hemen Eguberrietan Nafarroara sartu eta Nafarroatik ateratzeko eskatuko dizuten PDF dokumentua
Eguberrietan «joan-etorriak justifikatzeko baimena» beharrezkoa izan zen Nafarroara sartzeko edo Nafarroatik ateratzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun