«Elizondokoari ezin diogu agerraldi deitu oraindik»
Mendillorriko agerraldia egunetik egunera zabaltzen ari denean, hurbilago ere hasi dira atzematen positibo gehiago. Ruth Gonzalezek zehaztu digunez, «Elizondokoari ezin diogu agerraldi deitu oraindik. Agerraldi deitzeko jatorrian foku berberean kutsatutako hiru kasu positibo baino gehiago zenbatu beharko ziren, eta nik dakidala, Elizondoko positibo horien ibilbidea nondik-norakoa den aztertzen ari dira oraindik aztarnariak». Ageri denez, Elizondon uztailaren 16an, 19an eta 20an, egunero positibo bana erregistratu zituzten eta, atzo, bertze lau positibo gehiago. Beraz, oraingoz zazpi dira Elizondoko osasun eremuan erregistratuta dauden positiboak. Eta Doneztebeko osasun eremuari dagokionez, bi dira azken egunotan erregistratu dituzten positiboak.
Lesakako sanferminetan ez du ematen inor kutsatu denik
Kezka bazuela aitortu du Gonzalezek baina, egunak pasatu ahala, lasaitzen ari omen da. «Zorionez, Lesakako udaletik egin zuten deialdiak izan zuen bere eragina eta oraingoz ez dugu inolako kasurik atzeman». Horiek horrela, eta positiborik agertzen ez den bitartean, Bortzirietan dauden adinekoen egoitzak irekita segituko dute. Eta jubulotekari dagokionez, «hurrengo egunotan elkartuko gara Bortzirietako Gizarte Zerbitzuko teknikariekin eta erabakiko dugu neurriren bat hartu behar ote den».