Lesakako parke eolikoa

Lesakako parke eolikoaren kontra Endara Bizirik plataforma sortu dute Auzoberriko bizilagunek

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 7a, 17:49

Endara Bizirik plataforma osatu dute Auzoberriko bizilagunek.

Aste honetan zabaldu zuen Sustrai Erakuntza Fundazioak Lesakako Auzoberri-Agiña aldean hamaika haize-errota jartzeko proiektuaren berria eta gaur, ekainak 7, egitasmo horren kontra egiteko Auzoberriko bizilagunek Endara Bizirik plataforma sortu dute.

Sustrai Erakuntza Fundazioak aste honetan jakitera eman duenez, Nordex Energy Spain enpresak Lesakako Agiña eta Gardelegi inguruan Auzoberri parke eoliko bat eraikitzeko tramiteak hasiak ditu. Eraiki nahi dituzten hamaika haize-errotek 120 metroko altuera eta hegalen itzuli diametroa 155 metrokoa izanen lituzkete. Tramitatzen hasi berri den proiektua Lesakako Auzoberri auzoaren inguruko kaskoetan hedatzen da: Agiña, Eskolamendi, Azperra (Berreuko Gaina), Illasmendi...

Gaur sortu den Endara Bizirik plataformaren iritziz, egitasmo honek «ingurumena, bizimodua, bizi kalitatea, abeltzaintza, fauna, ondare arkeologiko eta historikoa suntsituko ditu, hala nola, bere balore altuagatik bereizgarria den ekosistema bat».

Egoeraren premiak eskatuta, prentsa-oharra zabaldu dute euren eskakizunen berri emanez. Lehenik eta behin, Lesakako Udalari erregu zehatza egiten diote «proiektuaren guztiz kontra posizionatu eta bide administratiboetatik ahal dituen alegaziorik sendoenak egiteko» eskatuz. Bitartean, Endara Bizirik plataformak «informazio eta babes kanpaina bat hasi» duela iragarri du, egitasmo honekin «kaltetuak diren eragile, erakunde eta norbanakoekin». Era berean, «Nordex Energy Spain enpresari eta proiektuan inplikatuak dauden bertzeei, proiektu hau gauzatzeko asmoa bertan behera uzteko» eskatuko diotela adierazi dute Endara Bizirik plataformak bere prentsa oharrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun