Lesakako Agiña eta Gardelegi inguruan Auzoberri parke eoliko bat eraikitzeko tramiteak hasi dituzte. Eraiki nahi dituzten hamaika haize-errotek 120 metroko altuera eta hegalen itzuli diametroa 155 metrokoa izanen lituzkete. Tramitatzen hasi berri den proiektua Lesakako Auzoberri auzoaren inguruko kaskoetan hedatzen da: Agiña, Eskolamendi, Azperra (Berreuko Gaina), Illasmendi... Sustrai Fundazioak jarrera kritikoa azaldu du Nafarroako kantauri aldean sustatzen ari diren parke eolikoen proiektuen aurrean.
Sustrai Fundazioari informatu duenez proiektu hau aurretiko kontsulta izapidera atera du Nafarroako Gobernuak eta alegazioak aurkezteko 30 eguneko epea izanen omen da alarma egoeraren bukaeratik kontatzen hasita. Lesakako udalak ere alegazioak aurkezteko asmoak dituela adierazi digu Mattin Etxabide zinegotziak, hamaika haize-errotetatik hamar herri-lurretan egonen liratekeela kontuan hartuz. Erraterako, proiektuak Agiñako kaskoa ukituko luke, eraikin historikoak dituen eremua eta GR11 ibilbidea eta baserriak dituzten auzoak ere ukitzen ditu. Bere ustez, «gisa honetako azpiegiturak aukera bat izan daitezke, baina Lesakako herriak dioena kontuan hartu beharko litzateke, ongi neurtu behar da ingurumenean eta herritarrengan sor ditzakeen kalteak eta, aldi berean, onurak ekarriko beharko lituzke herriarentzat».
Nafarroako Sustrai Fundazioak bidalitako informazioaren arabera Nafarroako mendialdean bortz parke eoliko egiteko proiektuen tramiteak hasi dituzte (Lesakan, Odietan, Esteribarren...).
Agiña aldean aurreikusitako proiektuaren informazioa lotune honetan:
http://www.cfnavarra.es/medioambiente/consultas/auzoberri.pdf