Hiru alditan atxilotu izan dute Xotero Etxandi Juanikotena (Arraioz, 1956): 1982an, 1992an eta 1996an eta «hiru aldietan torturatua izan naiz». Aitortu digunez, «lehenbiziko, bigarren eta hirugarren atxilotaketak ez ditut ongi bereizten eta aunitz gauza nahasten ditut» baina batean edo bertzean jasandakoak ez ditu atzenduak. Guardia zibilek atzeman zuten lehenbiziko aldian «kristoren beldurra» sentitu zuen, «badakigulako zer gertatzen zaien detenitu gehienei»; bigarrenean, «lehendabizikoa nolakoa izan zen jakinda, are beldur handiagoa sentitu nuen, beraien hitzak aditzearekin bakarrik: ‘badakizu zer heldu zaizun, ez?’»; eta hirugarrenan, «bi alditan zer egin dizuten eta oraindik gehiago egiteko gai direla jakinda, ezin da esplikatu nolako beldurra sentitu nuen».
«Hiru aldietan poltsarekin sufritu nuen gehien. Lehertuta gelditzen zara, hatsa hartzerakoan poltsa zintzur barneraino sartua sentitzen duzu»
Hiru kasuetan guardia zibilek «denetarik» egin ziotela salatu du arraioztarrak: «Oronozen hartu ninduten lehendabiziko aldian, ez dakit zenbat jo ninduten, borobilean hartu eta trapu bat bezala ibili ninduten kolpeka. Gero Iruñera eraman ninduten, eta bidean poltsa paratu eta kolpeka ibili ninduten kuartelera eraman arte, eta han ere astindu ninduten». Dioenez, «hiru aldietan poltsarekin sufritu nuen gehien, lehertuta gelditzen zara, hatsa hartzerakoan poltsa zintzur barneraino sartua sentitzen duzu. Gainera eskuburdinak eskuetan gibelera paratuta estu-estu, aldi berean kolpeak emanez….». Lehendabizikoan, «belauniko jarrarazi eta gainean saltoka eta eskuak beraien bota militarrekin zapatuz eta kolpeka» ibili zirela ere gogoan du, «bertze batzuk bizkarrean saltoka belauniko…». Azken aldiz hartu zutenean, bertzalde, «lehendabiziko poltsa egin eta gero, Arrikulunka mendira eraman ninduten bero handia egiten zuen egun batean. Korbata bat bezala jertse bat paratu zidaten lepoan, soka luze batekin beraiek eusten zutela, eta bitartean hankak oin-bilurrez estu-estu lotuak nituela mendian barna ibilarazi ninduten. Egun hura arras gogorra izan zen». Horren ondotik, Iruñera eraman omen zuten: «lehertuta nengoen eta berdin zitzaidan kolpeak emanda ere, ia akitua nengoen».
«Desagertzeko hautagaia»
«Aldi batean biluzik poltsarekin nengoela eta kolpe artean, makila ipurditik sartu zidaten».
Gehiago ere ezagutu du: «kolpeak emanez eta biluzik, behin baino gehiagotan, paretaren kontra larrua jotzeko itxura egitera behartu izan naute». Horietako batean «lurrera erori eta aurpegi ezagun bat ere ikusi nuen….». Hiru aldietan «egur handia» hartu zuela dio, «barrabiletan eta gorputzean kolpe aunitz eman zizkidaten, eta beraiek erraten dutena betearazteko kolpe gehiago, izugarrizko kolpeak, eta gehienetan poltsarekin». Bertze aldi batean, berriz, «biluzik nengoela poltsarekin eta kolpe artean, makila ipurditik sartu zidaten» eta elurra ari zuen bertze batean «gau guztia poltsarekin eta joka egurtu ninduten». Fisikoaz haratago, psikologikoa ere aipatu digu: «mehatxuak ere egiten zituzten, aita atxilotu zutela eta berari ere joka ari zitzaizkiola. Oihuak aditzen dituzularik hain egiazkoak dirudite, azkenean duda egiten baituzu egiazkoak diren edo ez».
«Behin baino gehiagotan desiratu nuen bertan hiltzea».
Halako egoeratan behin baino gehiagotan desiratu izan omen du «bertan hiltzea. Ez gorputzak ez buruak ezin du gehiago eutsi, jasanezina da, eta azkenean, kolpe batekin hil zaitzaten desiratzen duzu». Are gehiago: «ni guardia zibilen aldetik desagertzeko hautagaia nintzen».
Hiru kasuetan salatu izan ditu torturak, baina «aldiro artxibatu dituzte», kontatu digu. Badu horietako aldi batean gertatutako anekdota bat: «hirugarrenean izan zen. Protokoloak hala aginduta, Carabanchelen nintzela, medikuaren aitzinera eraman ninduten. Marka batzuk banituen eta zerenak ziren galdetu zidan. Nik ‘zerendako erran behar dizu egia, denek bezala berriz ukatuko didazu torturen ondorioak direla eta?’. Berak, ordea, errespetu osoz, gainbegiratu bat emateko prest nengoen galdetu zidan. Arropa kendu eta dena ubelduraz josia nuen. ‘Bertze bat gehiago’ zela pentsatuz atera nintzen handik. Baina handik hamabortz egunetara Madrilgo Plaza de Castilla epaitegira deitu ninduten, mediku hark egin zuen txostenean ubeldurak atxilotua egon nintzen denborakoak izan zitezkeela adierazi zuelako. Epailearen aitzinean deklaratzen hasi nintzen, baina epailearen erantzuna ‘ez da hainbertzerako izanen’ izan zen. Horrela akitu zen dena, baina praktiketan zegoen Gasteizko mediku hark egin beharrekoa egin zuen».
Epailearen aitzinean egindako salaketak bere horretan gelditu izan badira ere «moralki, jendeari gertatu zena kontatzeko beharra» hainbatetan sentitu izan omen du. Hala ere, aitortu digu «zaila, nik uste baino zailagoa» egiten zaiola publikoki orduko oroitzapenen berri ematea, «baina beti behar moral hori sentitu izan dut eta orain kontent nago egin dudalako».
«Ez nuen uste hain izorratua nintzela, hain suntsitua nintzela»
Torturek markatuta
Sufritutakoaren ondorioez ere aritu zaigu, sumatzen baititu, bai psikologikoak bai fisikoak. «Gauez iratzarri eta beldurra eta asots arraroak sentitu izan ditudan boladak izan ditut». Ez hori bakarrik. «Urtetan» pentsatu izan omen du «xehatu naute baina ’ez nauk hain gaizki’. Torturek ez didatela eragin edo ez nagoela hain gaizki sentitu izan dut. Eta ez dut harrokeriaz erraten, egiatan hola bizi izan baitut. Torturatuak izan diren aunitz jendek arrunt gaizki akitu duela ikusten nuen eta niri ez zidala eragin pentsatzen nuen. Baina ez, gerora ohartu naiz ni ere ukitua naizela, torturek markatuta utzi nautela, lur jota». Komunikabideen aitzinean zela konturatu zen horretaz: «prentsaurreko baten ondotik elkarrizketa egiten ahal zidaten galdetu zidaten. Egia ezagutzera emateko gogoz, berehala erran nuen baietz, azkeneko atxiloketaren ondotik nola tratatu ninduten kontatzeko indarrez sentitzen bainintzen». Baina ezin izan zuen: «kontatzen hasi eta bortz minuturen buruan ez nintzen segitzeko gai izan, negarrez lehertu nintzen. Orduan ohartu nintzen lehertua nintzela, lehertu nindutela». Ez omen zuen uste «hain izorratua nintzela, hain suntsitua nintzela. Aunitz aldiz solastatu izan naiz lagunen artean, eta oroitzen nintzen gauza guztiak kontatu eta ongi sentitu izan naiz, indartsu, baina hautsita nagoela ohartu gabe».