«Gaur-gaurkoz eskualdeko 90 bat tortura kasu daude egiaztatuta. Baina oraindik ikerketa abian da eta kopurua handiagoa izanen da». Halaxe baieztatu digu Izaskun Rekarte Bengoetxea (Bera, 1997) Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuko ikerlariak. Nafarroako Gobernuak hala eskatuta, 1960tik 1978ra bitarte Nafarroan gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzen hasi zen, bertzeak bertze, Pako Etxeberria mediku forentsearekin eta Laura Pego zuzenbidean doktorearekin. Egindako lana «Nafarroako Gobernuari bidali genion» baina bidea ez zen hor bukatu. Kontatu digunez, «nire ikerketa taldeak eta nik neuk ere, Euskal Herrian gertatu diren giza eskubideen urraketak aztertzen segitzen dugu». Gaineratu digunez, «txosten hauek bide bat eraiki eta ireki digute eta ez dugu aukera galtzen utzi nahi».
Uste baino gehiago
Tratu txarrak eta torturak jasan zituztenen testigantzak biltzen aritzen da Rekarte «informazioa bildu, aztertu eta sailkatzen», eta aitortu digunez, sorpresa hartu du eskualdeko datuekin: «ikerketan parte hartzeko eskatu zidatenean ez nekien gure eskualdean tortura polizialak jasandakorik zegoenik ere. Nire harridurarako, Pako Etxeberriak irri egin eta lanean hasitakoan torturaren hedapenaz ohartuko nintzela erran zidan. Eta egia izan zen». Bere hitzetan, «gure eskualdean uste baino tortura, tratu txar eta giza eskubideen urraketa gehiago izan dira».
«Jazarpena handiagoa izan da mugako herrietan»
Izaskun Rekarte Bengoetxea, ikerlaria
Herritik herrira egoera ez omen da hain aldakorra, «aldeak nahiko ttikiak dira», dio, baina «espainiar estatuaren eta frantziar estatuaren mugan kokatzen diren herrietan polizia kopurua handiagoa izan da, baita bertako herritarrek pairatutako jazarpena ere». Horrez gain, «egoera politikoa ezegonkorra izan den urteetan tortura nahiz tratu txar kopuruek nabarmen goiti» egin dutela gaineratu du.
Denetariko kasuak
Orain arte bildu dituen 90 kasuen artean, «mota guztietakoak» topatu omen ditu: «batzuek ez dute sekula beraien esperientzia argitara eman, bertze batzuek bai. Bada bere burua torturatu gisa identifikatzen ez duenik ere, nahiz eta jazarpen maila hagitz altua izan. Batzuek bizi osorako ondorio fisikoak dituzte, eta gehiengoek ondorio psikologikoak». Eta txanponaren bertze aldean, berriz, «denetarik» omen dago. «Talde polizialei dagokionez, eskualdean denetarik dugu: Guardia Zibila, GAL, Polizia Nazionala, Jendarmeria...». Horiengandik jasotakoak izan omen dira eskualdeko giza eskubide urraketa gehienak. «Hala ere, gehiengoa Guardia Zibilaren eskuetan torturatua izan da».
«Eskualdean gehiengoa Guardia Zibilaren eskuetan torturatua izan da»
Izaskun Rekarte Bengoetxea, ikerlaria
Iosu Unsion Pabolleta, Josu Goienetxe Etxebere, Joxemi Arizmendi Bereau, Jose Mari Aldako Aleman, Dabid Altzugarai Mendiberri, Bittor Jauregi Aleman, Andres Arnal Sansiñena eta Xotero Etxandi Juanikotenarenak dira Rekartek bildu dituen testigantza horietako batzuk, baita bizitakoa TTIPI-TTAPAri kontatu diotenak ere, Josu Iparragirre Lukanbiok egin duen bezala. Hunkituta mintzatu dira batzuk, minari ezin eutsiz bertze batzuk, xehetasunik ttikiena ere ongi aski oroitzen dutenak ere badira baita memorian hutsune batzuk badituztenak ere... Bederatzi bizipen, itxi ez diren bederatzi zauri. Testigantza bakoitzaren bertsio luzeagoa leitzeko aukera izanen duzue larunbat eta igande honetan ERRAN.EUS atarian.
Aurrerapen bat
- Josu Iparragirre Lukanbio, (Arantza, 1952): «Bi aldiz torturatu» zuten Iparragirre. Aurrenekoz 1978an egin zuten eta aitortu digunez, «tiro bat eman ziezadaten nahi izan nuen». Hamar bat urtera hartu zuten berriz, «baina oso diferentea izan zen, banekielako nola jokatuko zuten». TTIPI-TTAPAri onartu dionez, «nahiago izaten dut torturez deus ez kontatu».
- Josu Goienetxe Etxebere (Amaiur, 1961): «Soldaduskako baimenarekin etxera etorria» zela atxilotu zuten Goienetxe. Bai hasieran bai gerora ere «egurra» eman omen zioten, «kolpeak etengabeak» izan omen ziren. Gogorrena, ordea, psikologikoa izan omen zen: «ama eskoba kirtenarekin bortxatu zutela edo hil zela erraten zidaten». Gehiago ere bai: «buruan pistola paratu eta batek katua sakatuz klak egiten zuen bitartean bigarrenak tiroa botatzen zuen. Bertan gelditu nahi izan nuen».
- Iosu Unsion Pabolleta (Bera, 1955): «Infernua» bailitzan oroitzen ditu Unsionek 1994an Guardia Zibilak atxilotuta pasatutako egunak. «Hagitz gogorra» izan zela dio, eta aitortu digunez, «urte aunitz igaro dira torturak jasan nituenetik, baina oroitzapenek bizi-bizi segitzen dute. Gurutze Iantzi eta Mikel Zabalza bezala bukatuko nuela erran zidaten».
- Joxemi Arizmendu Bereau (Elizondo, 1957): «Sei egun egin nituen inkomunikatuta, eta handik jota atera nintzen». Hala aitortu dio Arizmendik TTIPI-TTAPAri. «Guardia zibilek egurtu» zutela dio, «poltsa» ere egin ziotela, eta «patata zaku bat» bailitzan ibili zutela. Mehatxuak ere jasan omen zituen eta hunkitu egiten da horietan «ama» aipatzen ziotela oroitzean. «Ez dut sekula atzenduko pasatutakoa».
- Jose Mari Aldako Aleman (Elizondo, 1956): «Egurra eman» ziotela dio Aldakok, «kolpeak barrabiletan, kolpeak telefono-gidarekin buruan, borrarekin hanketan, poltsa... Tiroka ziezadaten desiratu nuen, bertan gelditzea». Komunera eraman zutenean aprobetxatu zuen aukera eta «eskailerak ikusi, salto egin eta ihes egin nuen». Argi du: «iritzira ibiltzen ziren eta zerbait jakinez gero, aitortzen zenuen».
- David Altzugarai Mendiberri (Elizondo, 1964): «Paretaren kontra aulkian jarri eta poltsa egiten hasi ziren, hatsik gabe gelditu arte, tarteka aulkia kendu eta lurrera erortzen nintzen. Poltsa bakarrarekin erraza zela eta, aldi berean hiru paratu zizkidaten eta bizkarrean kolpe gogorrak eman zizkidaten. Une batean ahotik odola bota» zuela ere gogoan du Altzugaraik.
- Bittor Jauregi Aleman (Amaiur, 1958): Arizkungo bestetatik bueltan, sortetxean atxilotu zuten Jauregi eta autoan sartu orduko «'presta zaitez kobratzeko' erranez» hasi zitzaizkiola azaldu du. Poltsarekin aunitzetan pentsatu omen zuen «hiltzen banaute, hobe»; «hatsa falta izatea gogorra» egin zitzaion, baina «azkenean airoso samar» atera zela azaldu digu.
- Andres Arnal Sansiñena (Elizondo, 1967): Amaren etxean atxilotu zuten Arnal eta handik aitzinera «poltsa, telefono-gida batekin buruan eta eskuekin gorputzean hartutako kolpeak...» gogoan ditu. Iruñean lehenbizi eta Madrilen gero lauzpabortz egunez eduki zuten eta tarte horretan «hartutako golpeek baino min handiagoa egin zidan beldurrak». Urteak pasatu arren, «ez dut atzendu. Beldurra betirako gelditzen da».
- Xotero Etxandi Jaunikotena (Arraioz, 1956): Hiru alditan atxilotu eta «hiruretan torturatu eta denetarik egin» diotela kontatu du Etxandik: «kolpatu, poltsa egin, gainean saltoka ibili, eskuak bota militarrekin zapatu, soka batekin lepotik hartuta eta hankak oin-bilurrez lotuak mendian ibilarazi, paretaren kontra larrua jotzeko itxura egitera behartu, makila ipurditik sartu, etxekoekin mehatxuak...». Areago: «guardia zibilek desagertzeko hautagaia» zela uste du.
Bizipenak biltzen segitzeko prest
Ikerketak aitzinera segitzen duenez, bidea irekita utzi nahi du Berako gazteak: «norbaitek bere bizipena nahiz familiako kide baten esperientzia helarazi nahi izanez gero, gurekin harremanetan jar daiteke».