Jose Mari Aldako

«Ordu guti izan ziren baina kolpeka egurtu ninduten»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 18a, 08:00

Jose Mari ALDAKO ALEMAN, torturak salatu dituen elizondoarra.

«20 ordu izan ziren, baina 20 urte pasatu zirela iruditu» zitzaion Jose Mari Aldako Alemani. «Egurra, baina egurra, eman» ziotela dio, «kolpeak barrabiletan, kolpeak telefono-gidarekin buruan, poltsa, totorika hanka-hutsik Cara al sol kantatzen eta borrarekin hanketan emanez... Behin eta berriz izan zen. Ordu guti izan ziren, baina kolpeka egurtu ninduten. Tontoa ez izateko eta solastatzeko erraten zidaten».

«Ez dakit zenbat aldiz erori nintzen lurrera», dio Jose Mari Aldako Alemanek (Elizondo, 1956). «Orientazioa eta ezagutza» galduta ibili omen zen, «kolpeak eta poltsa etengabeak» izan zirelako. Azkenean, «tiroka ziezadaten desiratu nuen. Halako etsipena sentitzen nuen, berdin zitzaidala bertan gelditzea. Areago, arma ondoan ere uzten zidaten nik hartu nezan».

Gobernu Zibiletik ihesi

«Tiroka ziezadaten desieratu nuen».

Komunera eraman zuten aukera hura aprobetxatzea erabaki zuen elizondoarrak: «Gobernu Zibileko eskailerak ikusi» eta bi aldiz pentsatu gabe «hanka-hutsik salto egin eta ihes egin nuen». Hantxe «desagertu» zela kontatu digu, «ubelduraz betea». Ondoko egunetan, «sasi artean izorratuta eta ikaratuta» ibili omen zen, batetik bertzera, «Madrilen epailearen aitzinean» aurkeztu zen arte: «politikoki ez zuten frogarik eta komisariatik ihes egin nuelako espetxeratu ninduten. Carabanchelen astebete pasatu nuen». Espetxeko egonaldian ez omen zioten «deus ere egin» baina «hura ere eromena» izan zen beretako.

«Etxera bueltan urtebete izorratuta pasatu nuen».

Gertatuakoaren ondoriorik «orain» ez du sumatzen Aldakok, nahiz eta «antzu gelditzearen beldurra» sentitu izan duen. Baina bere garaian, etxera bueltan, «urtebete izorratuta» pasatu zuela onartu digu: «Elizondotik etxera bueltan ez nintzen errepidetik ibiltzeko gai, belaietan barna ibiltzen nintzen eta egunero ohatze azpian begiratzen nuen». Gaineratu digunez, «urtebetean egunero kontrolean geldiarazi ninduten».

«Gertatutakoa zabaldu behar dela uste dut».

Argi utzi digu: «betirako hantxe geldituta ere berdin-berdin zitzaidan, ez nuelako ulertzen zergatia. ETAkoa izatea leporatu zidaten, muga pasatzen genuela… Baina gu mendian aunitz ibiltzen ginen eta nik uste iritzira ibiltzen zirela. Eta garbi gelditu zait, zerbait jakinez gero, egoera hartan aitortzen zenuela. Izenak nahi zituzten eta burura etortzen ziren lehendabiziko izenak edo hitzak erran eta zentzurik gabeak baziren kolpe gehiago ematen zituzten». Pasatuak pasatu ez zaio gogorra egiten kontatzea eta are gehiago, «gertatutakoa zabaldu behar dela uste dut».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun