«Goizaldean, etxean» atzeman zuten Joxemi Arizmendi Bereau (Elizondo, 1957), eta «lehenbizi Elizondoko kuartelera eta gero Iruñeko Gobernu Zibilera» eraman zuten. Ez du gogoan «egun berean edo biharamunean» izan zen baina gela batean sartu eta «guardia zibilek egurtu» zutela aitortu du Arizmendik, «kolpeekin dena hanpatua izateraino». «Poltsa ere egin zidaten», gaineratu digu, baita «nekearekin lurrera erori» zela ere. «Ez dakit zenbat orduz egon nintzen han kolpeak hartu eta hartu eta gero patata zaku bat bat bezala ibili ninduten». Ez zen egun bateko kontua izan: «biharamunean berriz, gauza bera egin zidaten. Lagunek hau eta hori aitortua zutela erraten zidaten eta nik ez nekiela ja erantzuten nienean, gauza bera». Aipatu digunez, «drogatu» zuten susmoa ere badu eta «antzu gelditzeko beldurra» ere sentitu omen zuen.
«Hasierako egunetan kolpeak jaso ondotik, ondokoetan hanpadura beheititzeko pomada ematen aritu ziren».
Kolpeen ondorioz, «gorputza hanpatua» gelditu omen zitzaion: «hasierako egunetan kolpeak jaso ondotik, ondokoetan hanpadura beheititzeko pomada ematen aritu ziren». Mehatxuak ere jasan omen zituen eta hunkitu egiten da mehatxu horietan «ama» aipatzen ziotela oroitzean.
«Ez dut sekula atzenduko pasatutakoa».
Madrilen epailearen aitzinetik pasatutakoan, libre utzi zuten, berak dioenez, «jota eta sosik gabe» eta etxera bueltatutakoan, «hiru hilabete bajan» pasatu omen zituen. Gertatutakoa salatzeko pausoa ere eman zuen, «baina artxibatuta gelditu zen». Denaren gainetik, argi utzi du: «ez dut sekula atzenduko pasatutakoa. Handik jota atera nintzen eta tarteka orduko kontu batzuez oroitzean ikaratu egiten naiz. Baina tira, bizitzan aitzinera egin behar da».