David Altzugarai

«Poltsa aunitzetan egin zidaten, hatsik hartu ezinik gelditu arte»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 17a, 07:00

David ALTZUGARAI MENDIBERRI, torturak salatu izan dituen elizondoarra.

1992an ezagutu zuenaren harira, hala mintzatu da David Altzugarai Mendiberri. Torturatuen testigantzen artean lehenbizikoa da Altzugarairena. Gaur eta bihar bederatzi testigantza argitaratuko ditu TTIPI-TTTAPAk ERRAN.EUSen.

«Bidean ez nituen hainbertze kolpe hartu, baina behin Iruñera ailegatuta ederki astindu ninduten, bazuten gogoa». Etxean atxilotu zuten David Altzugarai Mendiberri (Elizondo, 1964), «goizaldeko hiruretan». Erne harrapatu zuten, «basura biltzen ari nintzen lanean eta ordurako jaikia nintzen. Gure etxean argia piztu zen, eta eskaileretan soinua sumatu nuen». Emazteari abisatu zion, «mugitzeko, atearen gibelean zeudela eta minutu bat genuela. Orduan gurekin bizi zen amatxi ohatzean gelditu zen». Atea irekitzen hasi zen Altzugarai «baina bota zuten, lurrera bota gintuzten, lepotik hartu ninduten eta deus erran ezinik gelditu nintzen. Amatxi logelan zegoela erran nahi nien baina ezin nuen. Dena hankaz goiti utzi zuten, baina amatxiren logelan ez ziren sartu. 80 bat urte zituen amatxi han agertu zen, eta pasiloan armarekin apuntatuz eduki zuten, eskuak goiti eginda». Ez du atzendua «amatxik ‘nora daramazue nire biloba?’ galdetu eta ‘zure biloba ez da zuk uste bezain ona’ erantzun ziotela». «'Lasai, amatxi, segidan bueltatuko naiz' erran nion, eta guardia zibilak 'hori da zuk uste duzuna'».

«Hainbertze poltsa eginez ahotik odoletan hasi nintzen».

Etxetik «herrestan» atera eta kotxean sartu zuten Altzugarai. «Autoan sartu eta 'lasai zoaz, e? Egurtuko zintugula errana zizuten, ezta? Kolpeak hartuko dituzu bai' erran zidaten eta plast kolpea». Hala ere, aitortu digunez, «bidean ez nituen hainbertze kolpe hartu, baina behin Iruñera ailegatuta ederki astindu ninduten, bazuten gogoa». Barnean, egin zioten «lehenbiziko gauza, paretaren kontra aulkian jarri eta poltsa egiten hastea» izan omen zen, «hatsik hartu ezinik gelditu arte, eta beti paretara begira. Tarteka aulkia kendu eta lurrera erortzen nintzen eta berriz kolpeak eta poltsa. Hori behin eta berriz egin zidaten». Gehiago ere kontatu digu: «’poltsa bakarrarekin erraza da, ezta?’ erran zidaten eta aldi berean hiru paratu zizkidaten. Poltsa izerdiz betetzen nuen, izugarria zen poltsa kentzean zenbat izerdi erortzen zen ikustea. Ezinezkoa zirudien. Eta uste dut behin edo bertze konortea galdu nuela». Horrekin batera, «bizkarrean kolpe gogorrak eman» zizkiotela dio, «eta behin eta berriz lurrera erori» zela.

«Medikua eta abokatua zirela erranez, bi lagunen aitzinera eraman ninduten baina argi zegoen plantak egiten ari zirela».

Memorian «hutsune handiak» dituela dioen arren, ez du atzendua dutxara eraman zuten aldi batean, «hatsa hartzerakoan odola» sentitu zuela: «poltsaren eraginez, zainak lehertu izanen zitzaizkidan eta odolaren zaporea sumatzen hasi nintzen». Ez zuen deus erran, ordea. Baina «dutxan ‘ez begiratu gibelera, bertzela hementxe berean tiroa botako dizugu’ erranez ari zirela, eztula egin eta ahotik odola bota nuen. Pixka bat larritu ziren». Hortik aitzinera, «Espainiako txandala» paratu ziotela gogoan du eta «medikuaren aitzinera eraman ninduten. Hala zela erran zidaten baina ez dakit medikua zen edo haietakoa zen, itxura egin zuten». Hori baino lehen, «argi utzi zidaten zerbait erraten banion, berriz haiengana joanen nintzela eta barnetik odola bota ohi nuela baino ez nion erran. Irriz sumatu nituen, 'ez dugu engainatu' erranez». Horren ondotik, «abokatua zela zioten bertze batengana eraman ninduten. Argi zegoen plantak egiten ari zirela».

Madrilera bidean, eskuburdinekin hainbertze estututa «eskuak moretu» zitzaizkiola ere kontatu du, «eskuak lokartzeraino». Behin harat ailegatuta, berriz, «Iruñean bezala hasi ziren, baina poltsa ez zidaten egin. Zutik eta kokoriko makilakadak» hartu omen zituen eta «etengabe grabatutako garrasiak aditzen nituen, nahita ni izutzeko paratuak ziren».

Ia 30 urte beranduago, 1992ko hiru egun haietan gertatu zitzaionaz «brometan» solastatzen dela dio Altzugaraik, «txisteak eginez». Baina «gogorra» izan zela ere onartu du, «bai niri egindakoa, baita lagunei gertatutakoa ere». Ez hori bakarrik. Ondorioak ere utzi dizkiola dio eta «amorrua eta inpontentzia» ere sentitu izan ditu.   

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun