Arizkungo bestetatik bueltan, sortetxean atxilotu zuten Bittor Jauregi (Amaiur, 1958). «Egun guztia baserrietako belarrak mozten pasatu ondotik, behien lanak egin eta afalduta, Arizkungo sanjoanetara joan nintzen. Ez zegoen jende aunitzik, eta norbait begira nuela iruditua nuen… Goizaldeko lauretan etxera abiatu nintzen, eta Bozatetik auto bat ziztu bizian ikusi nuen. Aitzinatu nahi zuela pentsatu nuen baina gero urrundu egin zen. Ni etxera non barna nindoan kontrolatzeko zen. Etxerako bidean bertze tipo bat ikusi nuen, eta baserri alderako bidea hartuta, baserriko kanpoko argia piztuta... ‘Ze arraroa’ pentsatu nuen, ‘badira ardi pare bat erditzeko baina oraino bi aste falta dira’…». Bere pentsamenduetan murgildua zela ailegatu zen etxera, eta «dena patrolez betea» topatu zuen ataria, «bi anaiak eta osaba pijaman»: «bi orduetarako etxeko atean nire esperoan omen zeuden».
«Haiek errandakoa egin edo ez, kolpeak berdin-berdin emanen zizkidatela ikusita, agindutakoa ez egitea eta isilik gelditzea pentsatu nuen».
Miaketak egin ondotik, autoan sartu orduko «'presta zaitez kobratzeko', ‘badakizu zer espero duzun, ez?’ erranez» hasi zitzaizkiola aitortu digu, eta Iruñeko Gobernu Zibilera ailegatuta, «poltsa eta flexioak eginarazi zizkidaten, poltsa, flexioak, poltsa, flexioak…». Hala «izorratuko nindutela» pentsatu zuen, eta «egin edo ez, kolpeak berdin-berdin emanen zizkidatela ikusita, agindutakoa ez egitea eta isilik gelditzea pentsatu nuen. Ez erantzunik, ez flexiorik, ez pausorik. Ez nuen ja egin. Itoarena ere egin nuen, eta nahiko ongi atera zitzaidan».
Aitortu digunez, «denbora pila eman nuen poltsarekin, uretan sartu eta tortura gehiago ere egin zizkidaten, etxekoen eta gaizki nuen anaiaren inguruan mehatxuak...». Madrilen ere «kolpeak eman zizkidaten baina ez zen hain gogorra izan». Hori bai, han «oihuak aditu» omen zituen, «lagunenak zirela iruditzen zitzaizkidan oihuak…». Hiru egun pasatu zituen horrela, eta gero hilabete eman zuen Carabanchelen preso. Torturatuak izan zirela ere salatu zuten, baita prentsan ere, «baina artxibatu zuten».
«Poltsa» egin zaitzaion gogorrena eta maiz pentsatu omen zuen «hiltzen banaute, hobe»; «hatsa falta izatea gogorra» egin zitzaiolako, baina «hondarrean, airoso samar» atera zelakoan dago. «Azkenean, beraien eta zure arteko borroka psikologiko bat da».