Josu Iparragirre

«Nahiago izaten dut torturaz deus ez kontatu»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 18a, 10:00

Josu IPARRAGIRRE LUKANBIO, torturak salatu dituen Leitzan bizi den aranztarra.

Bi aldiz torturatua izan zen Josu Iparragirre Lukanbio. Lehenbizikoz, 1978an eta handik hamar bat urtera berriz. Fisikoki jasandakoa «gogorra» izan zela dio, «baina psikologikoarekin konparatuz, ez zen hainbesterako izan. Mina non egiten ahal duten ohartzen badira, horrekin saiatzen dira».

«Nahiago izaten dut torturaz deus ez kontatu. Senideei kontatu izan diet zer gertatu zen, baina ez dugu sekula berritzen». Halaxe aitortu digu sortzez aranztarra eta Leitzan bizi den Josu Iparragirre Lukanbiok (1952). Are gehiago, «ez kontatzen saiatzen naiz, baina orain behar bat ikusten dudalako kontatzea erabaki dut».

«Lehenbiziko gauen Berastegiko mendi batera eraman eta nahi zutena egin zidaten. Oso gaizki pasatu nuen, tiro bat eman ziezadaten desiratu nuen».

«Bi aldiz torturatua izan nintzen», dio Iparragirrek. Lehenbizikoz, 1978an izan zen: «iluntze aldera Leitzan hartu eta Iruñeko komisariara eraman ninduten. Han hasi ziren lehenbiziko kolpeak», berak dioenez, «lehenbiziko momentutik, otsoak bezala». Hamar bat egun egin zituen inkomunikatuta. Hala ere,  «gogorrenak lehenbiziko egunak» egin zitzaizkiola aitortu digu: «lehenbiziko gauean Berastegiko mendi batera eraman ninduten eta nahi zutena egin zidaten: pistola ahoan eta buruan jarri, ihes egiteko esan, tiro emanen zidatela esan, jo, mehatxuak egin… Trapu bat bezala ibili ninduten. Komisarian ere halaxe ibili ninduten, baina mendian oso gaizki pasatu nuen, tiro bat eman ziezadaten eta dena han buka zedin desiratu nuen».

«Kolpatu, deskantsatzen ez utzi eta lehertuarazi eta nekatuarazi. Hori zen beraien sistema».

Biharamunean Tolosako kuartelera eta hortik berriz Iruñera eraman zutela gogoan du, «eta Iruñean bide beretik segitu zuten, kolpeak eta kolpeak emanez eta flexioak eginaraziz. Lehenbiziko egunetan lo egiten ere ez zuten uzten, eguna eta gaua dena bat ziren eta lo hartzen hasiz gero, berriz joka hasten ziren edo gimnasia eginarazten zidaten. Horrela egunetan eta egunetan». Bere irudiko, «hori zen beraien sistema: kolpatu, deskantsatzen ez utzi eta lehertuarazi eta nekatuarazi».

Fisikoki jasandakoa «gogorra» izan zela dio, «baina psikologikoarekin konparatuz, ez zen hainbesterako izan. Orduan andrea familia esperoan zegoen eta horrekin zeuden. Mina non egiten ahal duten ohartzen badira, horrekin saiatzen dira. Gainera lehenbiziko aldia nuen komisarian eta ez nekien zer zen…».

Lehenbiziko aldi hartan, sei hilabete egin zituen espetxean, «hasieran Iruñean eta gero Sorian». Hamar bat urtera hartu zuten berriz, «baina oso diferentea» izan omen zen. «Frantziatik pasatu zidatenean Madrilen eta Intxaurrondon egon nintzen, baina bigarren aldia zenez, banekien nola jokatuko zuten. Berdin-berdin jokatzen dute, etorri eta lehenbiziko egun pare batean egurrean hasten dira». Bigarren aldi horretan ere preso hartu zuten eta urtebete pasatu zuen «Carabanchel, Alcala eta Herrerako kartzeletan».

Frantziako poliziaren tortura psikologikoa

«Gerora gauez amestu izan dudanean, Espainiako komisarietan gertatutakoaz ez naiz behin ere oroitzen, baina Frantziakoaz bai. Hangoa tortura psikologia izan zen»

Kontuak kontu, estatu espainiarrean jasandakoa baino makurragoa egin zitzaion estatu frantziarrekoa: «gerora gauez inoiz amestu izan dudanean, Espainiako komisarietan gertatutakoaz ez naiz behin ere oroitzen, baina Frantziakoaz bai». Azaldu digunez, «zortzi urte pasatu nituen Ipar Euskal Herrian eta Parisen errefuxiatu eta ez zidaten bakean utzi. Hangoa tortura psikologikoa izan zen, kartzelara sartuko nindutela ez dakit zenbat urtetarako, ordurako Cabo Verdera eramaten hasiak ziren eta ez dakit nora eramanen nindutela… Beti horrelako mehatxuekin ibiltzen ziren. Edozein lekutan gelditzen ninduten, etxera ere joaten ziren, eta komisariara eraman eta mehatxuak etengabeak ziren. Segurtasun eza sentitzen nuen, handia, eta oso txarra izan zen. Bereziki GALen garaian oso gaizki pasatu nuen, noiznahi atxilotzen ninduten, kotxearekin atzetik segitzen zidaten… ». Horren harira honela aipatu digu: «Espainiako poliziak animaliagoak, zakarragoak dira, akaso zer egiten duten espero nuelako, mentalizatuta nengoelako, edo ez dakit zergatik baina Frantziako poliziek baino ondorio gutxiago utzi didate».

«Senideei kontatu izan diet zer gertatu zen, baina ez dugu sekula berritzen»

Urteak pasatu dira geroztik, eta bidean «detaile asko galdu», dituela dio Iparragirrek. Baina gehiago ere bada; ez du maite gaiaz mintzatzea: «ez kontatzen saiatzen naiz. Etxekoek gutxi gorabehera badakite, baina askorik ez. Senideei kontatu izan diet zer gertatu zen, baina ez dugu sekula berritzen». Publikoki kontatu duen lehendabiziko aldia du hau, eta «behar bat sentitzen dudalako» erabaki du baiezkoa ematea.

Bizitza aldatu
«Ondorio handirik ez» duela sumatzen dio Iparragirrek, eta «kartzelatik aterata jazarpena» jasan bazuen ere, «nahiko ongi eraman» zuela dio. Hala ere, «bizitza aldatu» zaionik ez du ukatu: «10 urte pasatu nituen errefuxiatu, zortzi Iparraldean eta Paris aldean eta bi Venezuelan. Hori baino lehen fabrikan aritzen nintzen eta hamar urteren ondotik Leitzara itzuli nintzenean, fabrikara joan eta ez ninduten hartu eta denean hutsetik hasi behar izan nuen».

Hortik aparte, Frantziako estatutik kanporatua izan zenez, «Iparraldean ditudan lagunak bisitatzeko aukerarik ez izateak» sortzen dio pena: «han familia bat dut, seme eta anaia bat bezala tratatu izan naute, oso lagun handiak egin ditut, bizitzako lagunak». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun