Amaren etxean atxilotu zuten Andres Arnal Sansiñena (Elizondo, 1967) eta «Belaten poltsa» paratu eta «odolez eta pixaz betetako manta edo koltxoia zegoen kalabozora» eraman omen zuten, Iruñera. Han sartuta, hainbatetan poltsa egin ziotela dio: «izerditan blai, asfixia sentitzen nuen, goitika usaina zuten poltsak zintzurreraino sartuak… Eta poltsa hortzekin puskatuz gero, berriz kolpeak». Hain zuzen, «telefono-gida lodi eta gogor batekin buruan eta eskuekin gorputzean hartutako kolpeak...» gogoan ditu. Gehiago ere bai: «femurretik operatua nintzen, makuluekin nintzen, eta handik aldaka izorratuarekin atera nintzen».
«Lauzpabortz egunez eduki ninduten eta hartutako kolpeek baino min handiagoa egin zidan beldurrak».
Iruñean lehenbizi eta Madrilen gero lauzpabortz egunez eduki zuten Arnal eta tarte horretan «hartutako kolpeek baino min handiagoa egin zidan beldurrak». Espetxeratu zutenean sentitutako beldurra ere «handia» izan omen zen: «hasmentan 44 lagunekin ziega batean sartu ninduten, eromena izan zen hura, eta gero, ETAk hildako gamelu baten senitartekoekin sartu ninduten. Ziegan zeuden ehunka arratoi eta labezomorroak zoragarriak iruditu zitzaizkidan. Espetxeko droga-trafikatzaileak ziren, eta hori ere torturaren parte izan zen».
Dena den, hori baino lehen hasi omen zen dena: «gauero etxeko atean nituen, korroan hartu eta jotzen ninduten, joaten nitzen tokira joaten nintzela ere segitzen zidaten… Hura ere tortura zen, zenbaitetan lorik ez egiteraino. Behin, Otsondon auto istripua izan nuen eta orduan agertu zen kotxean paratua zidaten zelatatzeko transmisorea».
Bertze bitxikeria bat ere kontatu digu: «etxekoak familiako medikuarengana joan ziren txostenaren bila, operatu berria izanda egindako kaltea zela eta, indultua eman ziezadaten, baina mediku txosten guztiak desagertuak ziren: ez zidaten ebakuntzarik egin eta ez zidaten ja egin. Dena ezabatu zuten».
«Gertatu zitzaidanaz solastatzea ez zait gogorra egiten. Are gogorragoa egiten zait lagunei haiek ere torturatuak izan zirela aditzea».
Gertatu zitzaionaz solastatzea ez omen zaio gogorra egiten. «Are gogorragoa egiten zait lagunei haiek ere torturatuak izan zirela aditzea». Baina ondorioak hortxe daudenik ez du ukatu eta bizitu zuenak «izugarri eragin» diolakoan dago: «batez ere, arratsetan. Aunitzetan ez dut lorik egiten eta normalak ez diren izualdiak izaten ditut». Urteak pasatu arren garbi dio: «ez dut atzendu. Beldurra betirako gelditzen da. Betirako oroimenean izanen dugu, bai guk baita hau guztia aguantatu behar izan duten familiako guztiek ere».